Pare-pareko bikotea txapelak bildumatzen

Mailo Oiarzabal (Gipuzkoako Hitza) 2022ko ira. 24a, 13:00
Araneta eta Agirre autoarekin.

Bederatzi urte dira Iokin Agirre eta Arantzazu Araneta azpeitiarrek lehen auto lasterketa egin zutela, eta zazpi bete dira erregulartasunez lehiatzen hasi zirenetik. "Ondo pasatzen" dute, eta, gainera, rallysprinten txapelketan nagusi bihurtu dira.

Zaletasun partekatua poz iturri bihurtu zaie Iokin Agirre (Azpeitia, 1990) eta Arantzazu Araneta (Azpeitia, 1990) senar-emazteei. Pilotu eta kopilotu, hurrenez hurren, "asko espero ez" zutela, Aurtengo Euskadiko Rallysprint Txapelketa irabazi berri dute. Oraingoarekin, hirugarrenez jarraian jantzi du txapela Agirrek. Aranetak, berriz, txapela bat eta erdi ditu irabazita. 2020an, pandemia betean eta ezohiko baldintzetan, txapelketako bi lasterketetatik batean parte hartu zuen gidari laguntzaileak; Asier Aldalur azkoitiarra izan zen Agirreren bikotekidea beste lasterketan, eta iazko txapelketa osoan ere bai. Joan den urtean, izan ere, haurdun zegoen Araneta, eta ez zen lehiatu.

Aurten, ama izan berritan, itzuli da gidariaren ondoko eserlekura; eta lehen aldiz, gainera, kopiloturik onenaren saria irabazi du. Beren mailan gaur egun emakume pilotu bakarra eta "oso ona" [Monica Muñoz oñatiarra] ari bada ere, kopilotu "asko" dabiltzala azaldu du azpeitiarrak. "Jendeak uste baino askoz gehiago gara, eta, gainera, azken urteetan ia beti emakumeek irabazi izan dute kopiloturik onenaren saria rallysprinten txapelketan, Alaitzek [Urkiola] lauzpabostetan eta Maiderrek [Usandizaga] behin bai, behintzat".

"Pilotuen izenak gehiago entzuten" dira, Agirrek dioenez, baina kopilotu ona alboan izatea "oso garrantzitsua" dela nabarmendu du gidariak. Lau gurpilen gainean "talde ona, orekatua" osatzen dutela diote Agirrek eta Aranetak, eta emaitzek arrazoia ematen diete.

Zer ikusi…

Motor munduarekiko eta auto lasterketekiko zaletasuna oso gaztetatik datorkie biei. Azpeitian kirol horiekiko "afizio handia" egon izan da aspalditik, Agirrek gogora ekarri duenez, eta "lagunek" eta "inguruak" ere izan dute zaletasun horretan eragina, Aranetaren esanetan. Aipatutako ingurua etxean hasi zen, bien kasuan. "Aita lasterketak antolatzen ibili izan da beti [Lagun Artea eskuderiako presidentea da], osaba bat rallyetan ibiltzen zen eta beste bat autokrosean. Beraz, txiki-txikitatik ibili naiz auto lasterketen munduan murgilduta. Gero, nire pareko pertsona aurkitu nuen", laburtu du Aranetak. "Aita mekanikaria da, eta ni ere autoekin, traktoreekin… mundu horretan hazitakoa naiz", gaineratu du pilotuak.

Lasterketak gustatu bai, baina parte hartzea "pentsatu ere ez" zuten egiten, lagun baten bidez probatzeko aukera sortu zitzaien arte. "Lasterketetarako autoa erosi zuen lagunak, baina berak ez zekien mekanikaz. Orduan, tratua egin genuen: nik autoa puntuan jartzearen truke, lasterketa batean parte hartzen utziko zidan hark", kontatu du Agirrek. Tratuak bazuen bigarren osagai edo baldintza bat ere, Aranetak azaldu gisa. "'Autoa utziko diat, neskarekin irteten bahaiz', esaten zion. Uste zuen ez nintzela ausartuko edo. Baina egin genuen".

Erreportaje osoa Gipuzkoako Hitzaren webgunean irakur daiteke.