Pentsiodunek banketxeen aurrean egingo dute elkarretaratzea astelehenean

Anartz Izagirre 2022ko ira. 23a, 10:28
Pentsiodunen eta jubilatuen iraileko elkarretaratze baten irudia. (Maialen Etxaniz)

Banketxeek azkenaldian hartu dituzten neurriak salatzeko ezohiko moduan egingo dute protesta, 12:00etan hasita, Goiko kaleko Kutxabanken aurreko plazatxoan. Herritarrei bertan parte hartzeko deia egin diete.

Pentsiodunak eta jubilatuak astelehenero bezala bilduko dira datorren astelehenean, irailak 26, protesta egiteko, baina datorren asteko hitzordua berezia izango da. Izan ere, banketxeen aurrean egingo dute protesta, horiek azkenaldian hartu dituzten neurriak salatzeko xedez. Hain zuzen ere, Goiko kalean dagoen Kutxabanken egoitzaren aurreko plazatxoan egingo dute protesta, eta herritarrei bertan parte hartzeko deia egin diete.

Alde batetik, 2022ko lehen seihilekoan bankuek 10.297 milioi euroko irabaziak izan dituztela salatu nahi dute, mobilizazioaren antolatzaileen esanetan oraindik ez baitituzte itzuli erreskatearen 66.000 milioi euroak. Era berean, azaldu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 305 sukurtsal itxi dituztela 2008. urtetik, Nafarroan 60 udalerrik ez dutela banku zerbitzurik eta 147 udalerrik baino gehiagok ez dutela banku bulegorik.

Banketxe bakoitzaren berri ere eman dute. Diotenez, Kutxabankek 294 langile kanporatu eta 86 sukurtsal itxi ditu 2017. urtetik; Laboral Kutxak 2017. urtean baino 156 langile gutxiago ditu orain, eta 24 bulego itxi ditu, eta BBVAk, Banco Santanderrek, Caixabankek, Sabadellek eta Unicajak 5.250 sukurtsal itxi dituzte pandemia hasi zenetik gaur arte. Era berean, Espainiako Bankuak 2008. urtetik 124.000 langile kaleratu dituela salatu dute.

Egoera horren aurrean, hainbat eskaera egin dituzte pentsiodunek: komisioak murrizteko eta merkatzeko; sukurtsal, kutxazain, zerbitzu eta langile gehiago; herritarrei arreta hobea ematea, eta banku publikoa.