Piaspe proiektu eolikoa

Statkraftek udalei aurkeztutako adierazpenaren xehetasunak

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 22a, 16:33
Statkraften egoitza nagusia, Oslon. (Bjoertvedt, CC BY-SA)

Statkraft Norvegiako enpresa publikoak Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo lurretan eraiki nahi duen zentral eolikoaren gaineko informazioa emateko batzar irekia urriaren 11n izango dela jakinarazi du gaur Azpeitiko Udalak. Horrekin batera, eta besteak beste, Statkraftek Piaspe izeneko proiektua dela-eta Azpeitiko Udaleko erregistroan joan den irailaren 16an sartutako adierazpena zabaldu du udalak; adierazpen hori proiektuaren asmoa publiko egin eta hiru egunetara erregistratuta dago, eta Azpeitikoari ez ezik, Zestoako eta Errezilgo udalei ere zuzenduta dago.

"Piaspe proiektu eolikoarekin lotutako lankidetza publiko-pribatua sustatzeko adierazpena" da energia enpresak hiru udalei aurkeztu diena. Lau ataletan banatuta, Statkraftek bere burua aurkezten du adierazpenaren sarrerako atalean. Bere jarduera "lankidetza publiko-pribatua sustatuz" egiten duela dio enpresak. "Karbonorik gabeko eredu baterantz egiteko helburua duen energia trantsizioa" eta "tokiko komunitateei balioa ematea" hor aipatzen ditu lehen aldiz, eta adierazpenaren hirugarren eta laugarren puntuetan –Energia gizarteratzea eta Berriztagarrien sustatzaileak, landa inguruneko aldaketaren eragile gisa– sakontzen du enpresak ideia horietan. Proiektua garatzeko "eskema bereizgarri" bat proposatzen duela dio Norvegiako enpresak. "Energia sortzeko jarduera gizarteratzea" aipatzen du, "besteak beste, energia berriztagarrien komunitateen legezko figuraren inguruan". Proiektua sustatzearen eragina "tokiko lurraldera eta ekoizpen sarera itzuliko dela ziurtatuko" duela jaso du adierazpenean Statkraftek, sortutako argindarrak tokiko energia kontsumoaren deskarbonizazioan lagun dezan". Proiektuak ingurunean izango duen eraginaz ere mintzo da enpresa bere adierazpenean: "biodibertsitate krisiaren aurkako borrokari" edota "oinarri endogenoko landa garapenari" ekarpena egiteko asmoa azaldu du enpresak bere adierazpenean.

Eraiki asmo duten parke eolikoaren gaineko xehetasun handirik ez du jasotzen adierazpenak. Piaspe proiektuak 33 MWeko energia eolikoa sortuko lukeela dio Statkraftek udalak hedabideei gaur helarazitako adierazpenean, "bideragarritasun teknikoari, ingurumenari eta hirigintzari buruzko aurretiazko azterketak" eginak dituztela, eta "Lasaoko subestazioan (30KW) sare elektrikora sartzeko eta konektatzeko bideragarritasunari buruzko aurretiazko txostena lortu" ere bai.

Hemen irakur daiteke, osorik, Piaspe proiektu eolikoarekin lotutako lankidetza publiko-pribatua sustatzeko adierazpena