Piaspe proiektu eolikoa

Azpeitiko Udalak zentral eolikoaren proiektuaz azalpenak emateko batzarra deitu du urriaren 11rako

Julene Frantzesena 2022ko ira. 22a, 12:08

Soreasu antzokian izango da bilkura, 19:00etan, eta erakundeak bileran parte hartzeko deia egin die herritarrei. Proiektua gauzatu nahi duen Statkraft enpresako ordezkariak ere han izango dira azalpenak ematen. Herritarren artean "jakiteko gogoa, eztabaida eta kezka" sortu dela eta, "lasaitasun mezua" helarazi du Azpeitiko alkateak.

Azpeitiko Udalak jarri du Piaspe deitutako zentral eolikoaren proiektuaren gaineko xehetasunak emateko bilerarako data: urriaren 11n, asteartea, izango da, Soreasu antzokian (19:00). Erakundeak adierazi duenez, proiektua gauzatzeko asmoa duen Norvegiako Startkraft enpresako kideak gonbidatu dituzte bilkurara, eta han izango direla nabarmendu du, "informazioa herritarrei aurrez aurre" ematen.

Joan zen astean esan zuen Nagore Alkorta alkateak bilera deitzeko asmoa zuela, herritarrei "gardentasunez" proiektuari buruzko "informazio osoa" jakinarazteko. Helburu horrekin jarri dute, beraz, hiru aste barrurako hitzordua. Udalak azaldu duenez, erakundeak proiektuaren inguruan duen ikuspegia ere azalduko die herritarrei, eta horiei bilkuran parte hartzeko deia egin die.

Herritarren artean "jakiteko gogoa, eztabaida eta kezka" sortu dela eta, "lasaitasun mezua" helarazi du alkateak. Gainera, udalak "gardentasunez" aritzeko duen konpromisoa berretsi eta zentral eolikoaren proiektua aurrelanketa fasean dagoela adierazi du hark. "Prozesua luzea izango da, oraindik argitzeko galdera asko daude, ingurumen inpaktuaren azterketak egin behar dira, nahikoa haizerik ba al dagoen fisikoki neurtu behar da eta abar. Beraz, ez dago emaitza ziurtaturik".

Gauzak egiteko "beste modu bat" ere izan du hizpide alkateak: "Egiteko moduari dagokionez ere, eredu parte hartzaile bati lotuta eman behar da prozesua. Gaiaren inguruko eztabaida behar den lasaitasunez gauzatzeko eta erabakiak modu partekatuan hartzeko ahalegina egingo du udalak".

Aukera "berritzailea"

Udalak jakinarazi duenez, gainera, Statkraft enpresak irailaren 16an eman zion Piaspe proiektu eolikoarekin lotutako lankidetza publiko-pribatua sustatzeko adierazpenari sarrera ofiziala udaletxean –honako lotura honetan irakur daiteke enpresak aurkeztutako dokumentua–. Udalak adierazi duenez, baina, gaia "modu interesatuan" atera zen hedabideetan joan zen astean, eta erakundearen arabera, Nagore Alkorta alkateak "berehala" baieztatu zuen Statkraftekin harremanetan zirela eta proiektuaren inguruko gutxieneko informazioa bazutela.

Proiektuak bi "bereizgarri" dituela ere azpimarratu zuen orduan alkateak: batetik, Statkraft Norvegiako enpresa publikoa dela, eta hori orain arte izan diren proiektuekin alderatuta berria dela; eta bestetik, enpresak energiaren sozializaziorako eta entitate lokalen parte hartzea sustatzeko borondatea erakutsi duela. Hori aukera "berritzailea" izan daitekeela adierazi zuen Alkortak lehengo astean.

Udalak ildo beretik hitz egin du gaur kaleratu duen oharrean ere: "Tamaina honetako proiektuei dagokienez, lehen aldiz hitz egiten da energia komunitateen bidezko herritarren parte hartzeaz, tokiko enpresen edota udalen jabetza partekatuaz. Orain arte ezagutzen ez den eredu batez ari gara, egungo energia sistema aldatu eta denon artean herritarren beharrei erantzungo dien eredu berritzaile bat eraikitzeko aukera posibleaz, energia kontsumitzaile soil izatetik energia sortzaile izateko aukeraz".