Piaspe proiektu eolikoa

Sañu Bizirik taldea sortu dute, zentral eolikoaren aurka egiteko

Ihintza Elustondo 2022ko ira. 22a, 13:06
Ehun lagun inguru elkartu ziren atzo, Sindikatu Zaharrean. (Ihintza Elustondo)

Statkraft enpresak Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurretan egin asmo duen zentral eolikoaren aurkako taldea osatzeko bilera egin dute, eta ehun lagun inguru elkartu dira. Sañu Bizirik izena jarri diote plataformari. Besteak beste, "natura suntsitu" aurretik, "alternatibak" badirela diote. Proiektua "energia berdearen izenean egin nahi duten negozio bat" dela nabarmendu dute.

Statkraft enpresak Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurretan zentral eolikoa jartzeko asmoa agertu duela eta, herritar talde batek deituta, egitasmoaren kontrako taldea osatzeko batzarra egin zuten atzo, asteazkena. Sindikatu Zaharrean jarri zuten hitzordua, 21:00etan, eta txiki gelditu zen aretoa. Ehun lagun inguru bertaratu ziren, eta guztiak ez ziren sartu aretoan; bateren batzuek kanpotik jarraitu behar izan zuten bilera. Batzarraren helburua zen zentral eolikoaren proiektuari kontra egingo zion "talde sendo bat" eratzea, eta aukeratu zuten plataforma horrentzako izena: Sañu Bizirik.

Batetik, han bildutakoek proiektuaz zuten informazioa jarri zuten mahai gainean. Han aipatutakoaren arabera, bost errota jartzeko asmoa barnebiltzen du proiektuak, eta 220 metro inguru izango lituzke errota horietako bakoitzak. Arauntzatik hasi eta Etumetara bitartean kokatuko lirateke horiek. "Errota horiek jartzeko, bideak ireki beharko dira, eta ez dakigu nondik: Lasaotik, Aizarnatik... Eta baserri batzuk bertan gelditzen dira". Horrek "inpaktu bisual handia" eragiteaz gain, "txikizio ikaragarria" eragingo lukeela nabarmendu zuten. Dena den, bileraren deitzaileek nabarmendu zuten informazio gehiegi ez daukatela. "Udalak esan digu batzar irekia egitean esango digula zer informazio daukan".

Batzarrean bildutakoek adierazi zutenez, errota bakoitzaren hormigoizko oinarriak 26 metro izango ditu zabalean eta lau metro sakonean. "Horrez gain, tonaka burdin izango dituzte horiek, kableak bota beharko dira Lasaoko zentralera edo beste zentral bat egin beharko da... Eta garrantzitsuena: ez dira bost errotarekin konformatuko. Beste herrietan ere sekulako errota pila jarri dute", esan zuten.

Era berean, hainbat herritarrek beren iritziak jarri zituzten mahai gainean. Batek baino gehiagok nabarmendu zuten energiarena "arazo" bilakatzen ari dela, eta zerbait egin beharra dagoela: "Petrolioa kontsumitzera ohitu gara, eta eman dugun bizi mailarekin, oso-oso zaila da hori ordezkatzea". Baina planteatzen den proiektua ez dela "alternatiba" zioten. Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean egin nahi duten zentral eolikoak "mendia suntsituko" duela nabarmendu zuten. "Kontua ez da energia berriztagarrien eta energia eolikoaren kontra gaudela, baizik eta ereduaren kontra. Ezin dugu mendiak industrializatzen hasi". Horren aurretik badaudela alternatibak aipatu zuten: "Natura eta haren baliabideak esplotatzen ditu proiektu honek, eta mendian ez ditugu torre horiek nahi. Herrian teilatu pila bat dago libre, eta horietan eguzki plakak jar daitezke, natura suntsitu baino lehen. Horren aurretik, gauza asko daude egiteko".

Bertaratutakoek aipatu zuten proiektuaren sustatzaileek esan dutela zentral eolikoak "izaera publikoa" izango duela, baina zalantzan jarri zuten hori. "Enpresa publikoa dela diote, baina horiek dirua ateratzera doaz. Garbi dagoena da hau energia berdearen izenean egin nahi duten negozio bat dela. Astakeria bat da. Enpresa dirua ateratzera doa, aurpegi berdearekin". Gainera, Statkrafti beste zenbait proiektu atzera bota dizkiotela aipatu zuten han bildutakoek. Horren aurrean, naturari "balioa eman" behar zaiola azpimarratu zuten: "Baserritarrei eragingo die proiektuak. Gainera, uso pasea hortik igarotzen da, larreei ere eragingo die... Osasuna dago jokoan". 

Statkraften proiektua martxan jartzeko "koiuntura egokia" aprobetxatu dutela plazaratu zuen beste herritar batek. "Krisi energetikoa datorrela saldu digute, eta momentu egokian dator egitasmoa". Energiaren arazoaren harira, zera aipatu zuen beste batek: "Energia gehiago eta gehiago behar dugula diote, baina zertarako? Guggenheim eta Abiadura Handiko Trena egiteko? Horrelako bizimodua sustatu behar baldin badugu, sekula ez dugu nahikoa energia izango".

Han bildutakoek proiektuaren aurka egiteko adostasuna azaldu zuten, eta Azpeitiko herritarrez gain, inguruko herrietako zenbait plataformatako kideak ere bertaratu ziren: Azkoitiko Oletan ere Ez! taldekoak joan ziren bilerara, baita Arabako Mendiak Aske taldekoak ere. "Gezur asko esaten dute gai honen inguruan. Araba zentral eolikoz josi nahi dute. Beldurra ematen du. Interes ekonomikoak daude atzean", esan zuen Arabako Mendiak Aske taldeko ordezkariak. Elkarlanean aritzeko prestutasuna agertu zuen hark.

Hemendik aurrerako pausoak

Udalak gaiaren berri noiztik dakien ere galdetu zuten han bildutakoek. Gainera, "erabakitzeko eskubideak herriarena" behar lukeela nabarmendu zuten: "Ez da herritik ateratako proiektua". Bestalde, bertako baserritarrek gaiaren inguruko "informaziorik ez" dutela adierazi zuten. Tapia legea ere izan zuten hizpide. "Udalak geldi al dezake proiektua? Edo Jaurlaritzak soilik du horretarako eskumena?". Galdera hori egin zuten, gaiak herritar horien artean sortu duen kezkaren erakusle.

Atzoko bileran taldea eratuta, aurrera begira egin beharrekoak zehazten ere hasi ziren. Besteak beste, protesta egiteko eta biltzen jarraitzeko asmoa adierazi zuten, baita lantaldeak eratzekoa ere. Gainera, udalak batzar irekia deitzen duen egunean, bertara agertu eta mobilizatu egingo direla erabaki zuten. Urriaren 5ean egingo dute hurrengo bilera, 20:30ean, Sindikatu Zaharrean.

Ez ziren herritar guztiak sartu Sindikatu Zaharreko aretoan. (I. E.)