Saioa Roteta eta Adriana Casares dira aurtengo Sarralle Grow bekaren irabazleak

Julene Frantzesena 2022ko ira. 22a, 15:05
Aitziber Fernandez Sarralleko Giza Baliabideen saileko kidea, Adriana Casares bekaduna, Saioa Roteta bekaduna, Raquel Amutxastegi eta Nekane Etxabe Sarralleko Giza Baliabideen saileko kideak. (Sarralle)

Biek ala biek milana euro jasoko dituzte ikasketak bukatu bitarteko ikasturte akademiko bakoitzean. Gainera, Sarralle enpresan praktikaldia gauzatzeko aukera izango dute horiek. Sarralle Grow bekaren helburuak gizonen eta emakumeen arteko arrakala teknologikoa murriztea eta zuzendaritza zein erantzukizun postuetan emakumeen presentzia areagotzea dira.

Azpeitiko Sarralle enpresak gaur jakinarazi du nortzuk irabazi dituzten Sarralle Grow egitasmoaren bi bekak. Hain zuzen ere, Adriana Casares donostiarra eta Saioa Roteta azpeitiarra dira beka deialdiaren laugarren edizioko irabazleak, eta horrenbestez, bakoitzak milana euro jasoko ditu ikasketak bukatu bitarteko ikasturte akademiko bakoitzean. Gainera, Sarralle enpresan praktikaldia gauzatzeko aukera ere izango dute horiek. Casaresek Industria Teknologien Ingeniaritzako gradua hasi du aurten, eta Rotetak, berriz,  Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzako zein Zuzenbideko gradu bikoitza.

Sarralle Grow bekaren helburua gizonen eta emakumeen arteko arrakala teknologikoa murrizten laguntzea da, baita zuzendaritza eta erantzukizun postuetan emakumeen presentzia areagotzea ere. Izan ere, Sarrallek jakinarazi duenez, zientzia eta teknologia arloko graduetan matrikulatzen diren ikasleen %28 besterik ez dira emakumeak, eta horietatik %45ek bakarrik bukatzen dituzte ikasketak. Enpresak azaldu duenez, baina, ikasketa horiek "funtsezkoak" dira etorkizuneko profesionalak prestatzeko, nahiz eta ikasketa horiekiko interesa duten ikasleak gutxi diren eta horrek kezka sortzen duen mundu mailan.

Orain arte, zortzi emakumek jaso dute Sarralle Grow beka, deialdi bakoitzeko bik. Bekak sustatzen dituen enpresak adierazi duenez, prestakuntzaren eta talentuaren alde lantegiak egiten duen apustuaren barruan kokatzen da Sarralle Grow, eta ikasgela teknologikoekin, praktikaldiekin nahiz prestakuntza dualarekin batera garatzen da.