Umeei eta helduei zuzendutako patinaje ikastaroak antolatu ditu udalak

Urritik abendura bitartean izango dira saioak, hilean behin, asteburuetan. Helduei eta umeei zuzendutako bina talde osatuko dituzte. Dagoeneko eman daiteke ikastaroetarako izena kiroldegian nahiz igerilekuan.

Haurrentzako eta helduentzako patinaje ikastaroak antolatu ditu udalak datozen hilabeteetarako. Urritik abendura bitartean izango dira saioak, hilean behin, asteburuetan: urriaren 22an eta 23an, azaroaren 19an eta 20an nahiz abenduaren 10ean eta 11n.

Helduei zuzendutako bi talde osatuko dituzte: hasiberrientzako izango da horietako bat, eta saioak 10:00etatik 11:30era egingo dituzte; patinetan ondo moldatzen direnek, berriz, 11:30etik 13:00etara izango dute horretan aritzeko aukera. Haurren kasuan ere bi talde egingo dituzte, eta horien saioak arratsaldez izango dira: LH1 eta LH3 artekoentzako 17:00etatik 18:30era, eta 18:30etik 20:00etara, LH4tik LH6ra artekoentzat.

Taldeetako parte hartzaile kopurua mugatua izango da, eta ikastaroa egin nahi dutenek ezinbestean eraman beharko dituzte patinak eta kaskoa saioetara. Izena emateko epea zabaldu dute dagoeneko, eta interesatuek igerilekuan edo kiroldegian izango dute inskribatzeko aukera. Kirol Patronatuko bazkideek 30 euro ordaindu beharko dute ikastaroa, eta bazkide ez direnek, berriz, 50 euro.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide