'Jarri zure bizikleta puntuan Mugirekin!' kanpaina igandean iritsiko da Azpeitira

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 21a, 13:48
Pasaian aurkeztu zuten 'Jarri zure bizikleta puntuan Mugirekin!' kanpaina. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Mugi garraio txartela dutenek beren bizikletari doako azterketa egiteko aukera izango dute egun horretan plazan, 10:30etik 14:00etara, edo Ziklos Beni dendan, hilaren 30a bitartean. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu egitasmoa, Mugikortasunaren Europako Astearen barruan.

Mugi garraio txartelaren jabe diren herritarrek beren bizikletak doan berrikusteko aukera dute egunotan Azpeitian, Jarri zure bizikleta puntuan Mugirekin! kanpainaren barruan.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lurralde Antolaketako eta Mugikortasuneko departamentuak hirugarren aldiz antolatu du aipatutako egitasmoa, Mugikortasunaren Europako Astearen barruan. Batetik, aurreko urteetan bezala, Gipuzkoako hainbat establezimendutan ari dira eskaintzen Mugi txartela dutenei zuzendutako zerbitzu tekniko hori; aurten hamalau dendak egin dute bat kanpainarekin, eta Azpeitiko Ziklos Beni da horietako bat. Irailaren 30a arte eska dezakete bertan Mugi txarteldunek bizikleta aztertzea. Bestetik, berrikuntza gisa, bizikletak aztertzeko kamioi-lantegi bat jarri du martxan Aldundiak, herriz herri dabilena. Guztura, hamar udalerritan egingo du geldialdia lantegi mugikorrak, eta Azpeitia izango du azken geltoki. Hain zuzen ere, igande honetan iritsiko da Jarri zure bizikleta puntuan Mugirekin! kanpainaren kamioia herrira; plazan egongo da, 10:30etik 14:00etara.

Bizikleta puntuan jartzeaz gain, kupoiak jarriko dituzte egitasmoan parte hartzen dutenen eskura, dendetan zein lantegi-kamioian; horiek betetzen dituzten pertsona guztiak zozketa batean sartuko dira: bi bizikleta eta atxikitako dendetan bizikleta materiala erosteko 50 euroko bi bonu zozkatuko dituzte. Era berean, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin (GGLA) lankidetzan, Mugi txartelerako 20 euroko 60 karga ere zozkatuko dituzte.