Minbiziaren Aurkako Astearen barruan, erakusketa jarriko dute irailaren 26tik 30era anbulatorioan

Anartz Izagirre 2022ko ira. 23a, 08:45

"Urola Kostako pertsona gehiagorenagana" iritsi nahi du egitasmo horren bitartez Minibiziaren Aurka Gipuzkoan taldeak. Azpeitian fundazio zientifikoaren 50. urteurreneko erakusketa izango da anbulatorioan, irailaren 26tik 30era bitartean.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen Urola Kostako batzarrak Minbiziaren Aurkako Astea egingo du irailaren 26tik 30era bitartean, Azpeitian eta Zarautzen. Besteak beste, "Urola Kostako pertsona gehiagorengana iritsi" nahi du elkarteak, baita herritarren artean "laguntza gehiago lortu" ere, "pazienteei eta senideei ematen zaien arreta indartzeko eta minbizia duten biztanle gehiagorengana iritsi ahal izateko".

Hainbat ekintza izango dira eskualdean, eta Azpeitian, zehazki, fundazio zientifikoaren 50. urteurrenaren erakusketa jarriko dute anbulatorioan. Bertan, azken urteetako ikerketa onkologikoaren emaitza nabarmenetako batzuk ikusi ahal izango dira. Irailaren 26tik 30era bitartean egongo da ikusgai erakusketa.

Elkarteak iazko datuak ere plazaratu ditu kaleratu duen oharrean. Eskualdeko egoitzan 102 onuradun izan ziren arreta psikosozialean 2021. urtean, eta 241 saio psikologiko eskaini zituzten. Era berean, 173 esku-hartze egon ziren prebentzio-ekintzetan.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak 1.242 bazkide ditu gaur egun Urola Kostan, eta horien ekarpenei esker, guztiz doakoak dira psikologia saioak zein arreta soziala pazienteentzat eta senideentzat. Horrez gain, 76 boluntario ari dira lanean, eta elkarteak jakinarazi duenez, horiei esker lortzen da pazienteentzako eta senideentzako doako zerbitzuak indartzea.