Palako Kutxabank Liga jokatuko du Oier Alkortak

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 20a, 17:10
Oier Alkorta pala astintzen. (Innpala)

Esteban Gaubeka izango da atzelari azpeitiarraren bikotekidea profesionalen binakako txapelketa nagusian. Ostiralean hasiko da liga eta Gabon egunean izango da finala. Bost bikote lehiatuko dira txapelaren bila.

Profesional mailako bere lehen txapelketa handia jokatuko du Oier Alkorta azpeitiarrak. Gaur goizean aurkeztu du Innpala enpresak Kutxabank Liga, eta txapelketan parte hartuko duten hamar pilotarietako bat izango da atzelari azpeitiarra.

Puntako aurrelari batekin osatuko du bikotea Alkortak, Esteban Gaubeka bizkaitarrarekin. Maldonado-Ibai Perez, Fusto-Gordon, Necol-Del Rio eta Ibarguren-Urrutia dira Kutxabank Ligan ariko diren beste lau bikoteak.

Ostiralean hasiko da liga. Lehen fasean, denek denen kontra jokatuko dute, bi itzuliko ligaxkan. Lehen fase hori sailkapenaren buruan bukatzen duen bikotea zuzenean sailkatuko da finala jokatzeko; finaleko beste bikotea ligaxkako bigarrenak eta hirugarrenak partida bakarrera jokatuko duten finalaurrekoan erabakiko da. Abenduaren 16an jokatuko dute finalaurreko hori, eta finala, berriz, Gabon egunean izango da, abenduaren 24an. Partida erabakiorrak ez ezik, Kutxabank Ligaren jardunaldi ia denak jokatuko dituzte Bilboko Miribillako Bizkaia frontoian