Izarrak behatzeko saioa egingo dute hilaren 30ean Izarraizko Atean

Maialen Etxaniz 2022ko ira. 20a, 14:02
(Shutterstock)

Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak antolatu dute gaueko behaketa saioa. Haurrei eta familiei zuzendutako saioa izango da, eta bertan parte hartzeko interesa dutenek izena eman beharko dute aurrez. Plazak mugatuak izango dira. 

Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak gaueko behaketa saioa antolatu dute irailaren 30erako. Hain zuzen, izarrak behatzeko saioa da antolatu dutena, eta herritar orori zuzendutako ekintza den arren, "bereziki" haurrei eta familiei zuzendutako saioa izango da.

Ostiralez egingo dute izarrak behatzeko saioa, eta bertan parte hartu nahi dutenek, aurrez izena eman behar dute. udaleko Hezkuntza Sailarekin harremanetan jarrita –hezkuntza@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 943-25 50 06 telefonora deituta– nahiz lotura honetako galdetegia beteta. Udalak jakinarazi duenez, plazak mugatuak izango dira. 

Gaueko behaketan izena ematen duten lagunak, hilaren 30ean Izarraizko Atea parkean elkartuko dira 20:00etan. Eguraldi txarra egitekotan, ekintza bertan behera geldituko dela aurreratu du udalak.