Euskal Kopa, liga hasi aurreko hitzordua Iraurgi saskibaloi klubeko bi talde nagusientzat

Nerea Uranga 2022ko ira. 19a, 19:37
Ibon Guridi Juaristi ISBren kapitaina (ezkerretik bigarrena) Euskal Kopa LEB-en aurkezpenean, Beasainen. (ESF)

Juaristi ISBk Euskal Kopa LEB jokatuko du Beasainen ostiralean eta larunbatean, eta Azkoitia-Azpeitia ISBk igandean du Euskal Kopa 2ko norgehiagoka Durangon.

Urrian hasiko dituzte ligak Iraurgi saskibaloi klubeko bi talde nagusiek, baina aurretik Euskal Kopan dute hitzordua biek ala biek datorren asteburuan. Irailaren 23an eta 24an, ostiralean eta larunbatean, LEB mailako Euskal Kopa jokatuko du Juaristi ISBk, Beasainen (Gipuzkoa). Aldiz, Azkoitia-Azpeitia ISBk Euskal Kopa 2 jokatuko du Durangon (Bizkaia).

Urrezko LEB ligako Juaristi ISBk eta Guuk Gipuzkoa Basketek nahiz Zilarrezko LEB ligako Teknei Bizkaia Zornotzak eta Baskoniak parte hartuko dute txapelketan. Partida guztiak Beasaingo Antzizar kiroldegiko kantxan jokatuko dituzte. Ostiralean izango du finalaurrekoa Juaristi ISBk Baskoniaren aurka, 18:00etan hasita. Arabako taldea Zilarrezko LEB ligara igo berria da. 20:15ean hasiko da bigarren finalaurrekoa, Guuk Gipuzkoa Basketen eta Teknei Bizkaia Zornotzaren artekoa. Larunbatean jokatuko dituzte Euskal Kopako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida eta finala, 18:00etan eta 20:15ean hurrenez hurren. Sarrerak Beasaingo kiroldegiko leihatilan salduko dituzte, eta egun bakoitzerako sarrera 5 euro izango da.

Azkoitia-Azpeitia ISBk, berriz, Euskal Kopa 2 jokatuko du. Kasu honetan, partida bakarrean erabakiko dute koparen irabazlea. Igandean, irailaren 25ean, jokatuko du Iraurgiko emakumeen talde nagusiak  HGB Ausarta Barakaldoren kontra, 12:15ean, Durangoko Landako kiroldegian.

Liga hasiera, etxean

Iraurgiren bi talde nagusiek etxean jokatuko dituzte ligako lehen jardunaldiko neurketak. Emakumeen taldea izango da liga hasten aurrena. Urriaren 1ean ekingo diote LF Challenge ligari Azkoitia-Azpeitia ISBkoek; Recoletos Zamora taldea hartuko dute Azkoitiko kiroldegian, 17:00etan. Urrezko LEB liga, berriz, urriaren 7an hasiko da, eta Juaristi ISBk Leyma Coruña hartuko du Azpeitiko kiroldegian, 21:00etan.