Piaspe proiektu eolikoa

Ahalik eta lantalde "sendoena eta anitzena" osatu nahi dute zentral eolikoen aurkako bileraren deitzaileek

Julene Frantzesena 2022ko ira. 20a, 08:50

Biharko deitu dute taldea eratzeko eta eolikoen gaiaz hitz egiteko bilkura, 21:00etan, Sindikatu Zaharrean. Talde politikoen "xurgapenik ez" dutela onartuko adierazi dute batzarraren deitzaileek: EAJ langileen eskubideen eta Osakidetzaren aurka egiteaz gain, zentral eolikoak enpresa handien esku jarri nahi dituela uste dute; EH Bilduri, berriz, azken egunetan egindako adierazpenak atzera botatzeko eskatu diote.

Statkraft enpresak Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurretan zentral eolikoa jartzeko asmoa agertu duela eta, herritar talde batek egitasmoaren kontrako talde bat osatzeko batzarra deitu du biharko. 21:00etan izango da batzar irekia, Sindikatu Zaharrean. Hitzorduan, taldea eratzeaz gain, eolikoen gaiaz hitz egingo dute, eta ahalik eta lantalde "sendoena eta anitzena" osatu nahi dutela adierazi dute deitzaileek. Gainera, talde politikoen "xurgapenik ez" dutela onartuko ere jakinarazi dute.

Bilera deitu duten herritarrek azaldu dutenez, uda hasieratik zuten zentral eolikoen aurkako talde bat osatzeko asmoa, eta haien arabera, "azken egunetako berriek azkartu" dute prozesua. "Arauntza-Arroita, Erdoizta eta Komizolatza (Piasope) artean eraiki nahi duten zentral eolikoa, ez da bakarra. Hor dago Izazpi, Oleta eta Samiño arteko proiektua ere, beste askoren artean". Proiektu horiek Gipuzkoako eta Euskal Herriko ekosistema guztia "hankaz gora" jarri dutela ere esan dute, gune naturalak izateko aukerarik gabe. "Mendiak industrializatzeaz gain, osasun mentalean eragin dezaketen kaltea eta inpaktu paisajistikoa kontuan hartu behar dira, gure oinordekoentzat atzera bueltarik gabeko kalteak eraginez".

EAJk langileen eskubideen eta Osakidetzaren aurka, zentral eolikoak enpresa handien esku jarri dituela uste dute eolikoen aurka agertu diren herritarrek, eta EH Bilduri "ispiluan begiratzeko" eta azken egunetan egindako adierazpenak atzera botatzeko garaiz dagoela gogorarazi nahi izan diote. "Ez dugu onartuko gure mendien suntsiketarik, energiaren demokratizazioa hauteskunde kanpainako ardatz hartuta. Izan ere, EH Bilduk eta EAJk politika hori jarraitzen badute, Piaspekoa lehen harria baino ez da izango; ditugun energia beharrek ehunka mendiren suntsiketa ekarriko dute".

Haien aburuz, orain proposatzen ari diren proiektua "ez da alternatiba", energia subiranotasuna lortzeko industriaguneak eta leku urbanoak baliatu behar direla uste dutelako. "Euskal Herrian zentral nuklearren afera eman zenean, energia berriztagarriak ziren alternatiba. Badakigu guztiari ezetz esatea zaila dela, baina oraingo proposamena ez da alternatiba".