Dani Garcia azpitxapeldun, Espainiako Mus Txapelketan

Ihintza Elustondo 2022ko ira. 19a, 15:58
Xabi Goikoetxea eta Dani Garcia, Espainiako Mus Txapelketako finala jokatu ostean.

Espainiako Mus Txapelketan bigarren sailkatu da Dani Garcia azpeitiarra, Xabi Goikoetxea amezketarra bikotekide duela, lau erregetarako modalitatean. Ostiralean eta larunbatean jokatu zuten lehia, Iruñeko Andia hotelean. Bikoteak 1.235 euro eskuratu ditu sari gisa. 

Dani Garcia azpeitiarra azpitxapeldun gelditu da Espainiako Mus Txapelketan, lau erregetarako modalitatean. Joan zen ostiralean eta larunbatean jokatu zuen Garciak txapelketa, Xabi Goikoetxea amezketarra bikotekide zuela, Iruñeko Andia hotelean. Guztira, 69 bikotek parte hartu zuten lehian, eta gipuzkoarrak final handira iritsi baziren ere, Burgosko Ivan eta Marcial nagusitu zitzaizkien azken saioan. Horrenbestez, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen Garcia-Goikoetxea bikoteak. 

Ostiralean, bi partida jokatu zituzten Garciak eta Goikoetxeak, eta bietan nagusitu ziren. Larunbatean, berriz, 10:30ean hasi ziren lehiatzen, eta 03:30ean amaitu zituzten egitekoak, 11 partida jokatuta. Hiru neurketa galdu behar ziren txapelketatik kanpo geratzeko, eta Garcia-Goikoetxea bikoteak hamar irabazi eta bakar bat galdu zuen egun osoan zehar; hala lortu zuen finalera iristea.

Ivanek eta Marcialek osatutako bikotea bederatzi partida irabazi eta bi galduta iritsi zen finalera. Aurrez, gainera, Garciak eta Goikoetxeak neurketa bat irabazi zieten haiei, baina final handian ezin izan zieten aurre hartu gipuzkoarrek. Izan ere, Garcia eta Goikoetxea finalera partida bateko abantailarekin iritsi baziren ere, Burgosko bikotearen aurka bi neurketa jarraian galdu zituzten, eta azkenean, bigarren gelditu ziren sailkapenean. Horrenbestez, Espainiako Mus Txapelketan azpitxapeldun gelditu ziren Garcia eta Goikoetxea, eta 1.235 euro eskuratu zituzten sari gisa.

Asteburuan lehen aldiz jokatu zuten Espainiako Mus Txapelketa lau erregetara, baina urtero jokatu ohi dute lehia bera zortzi erregetara. Azaroaren 17an, 18an, 19an eta 20an jokatuko dute txapelketa hori, eta han ere lehiatuko da Garcia. Espainiako bi mus txapelketa horietan lehiatzeko plazak eskuratzeko, apirilean jokatu zuen beste txapelketa bat Garciak. Orduko hartan, 64 bikote lehiatu ziren, eta txapeldun izan zen azpeitiarra, Aitor Kortabitarte gernikarrarekin batera.