Eusko Gudarosteari buruzko proiektu museografikoa egingo dute udalak eta Aranzadik Loiolan

Julene Frantzesena 2022ko ira. 19a, 13:16
Javi Buces eta Nagore Alkorta proiektua garatuko duten etxolaren aurrean.

Euskal Herriko memoria historikoari eta Eusko Gudarosteari buruzko informazioaren topagune bilakatuko dute Loiolako zabalgunearen aurrean dagoen etxoletako bat. Aurki hasiko dira eremua egokitzen, eta proiektua urtearen bukaerarako prest izatea aurreikusten dute. Aranzadik gauzatu dituen ikerketetako materialez hornituko dute erakusleihoz osatuko duten etxola.

Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak Eusko Gudarosteari buruzko proiektu museografiko bat garatuko dute Loiolan. Zehazki, Euskal Herriko memoria historikoari eta Eusko Gudarosteari buruzko informazioaren topagune bilakatuko dute Loiolako zabalgunearen aurrean dauden etxoletako bat –itxita dagoena–. Proiektua osatu dute dagoeneko, eta urtearen bukaerarako gunea prest izatea aurreikusten dute.

Etxola egokitzeko lanak aurki hasiko dituzte; izan ere, erakusleihoz osatutako eremua izango da Eusko Gudarosteari eskainiko diotena –etxola Gipuzkoako Foru Aldundiak laga dio udalari–. Aranzadik azken urteetan egindako ikerketetan –2017an egin zuen Eusko Gudarosteari buruzko lana Azpeitian– bildutako materialez hornituko dute gunea: argazkiak, dokumentazio historikoa, garaiko egunkari zatiak, ikus-entzunezko materiala, informazioa... Egitasmoaren sustatzaileek azaldu dutenez, herritarrek modu didaktikoan eta errazean jakin ahal izango dute zer gertatu zen Loiolan.

Gaur aurkeztu dute proiektua Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Javi Buces Aranzadiko historialariak Loiolan. Egun seinalatua aukeratu dute horretarako, baita lekua ere; izan ere, gaurko egunez orain dela 86 urte sartu ziren tropa frankistak Azpeitira –ordura arte egin ziren euskal miliziak Loiolan, Kandido Saseta buru zutela–. Alkortak azaldu duenez, leku "berezia" da Loiola azpeitiarrentzat, bisitarientzat nahiz Euskal Herriko memoria historikoarentzat. Hark azaldu duenez, udala 2014tik ari da Aranzadirekin lanean, "memoria historikoa lantzeko eta historiari izen-abizenak jartzeko" helburuz. Horri lotuta, uste du proiektu berria "pauso garrantzitsua" izango dela memoria historikoaren zabalkunderako: "Helburua bakarra da egia, justizia eta erreparazioa lortzea".

Euskal Herriko memoria kolektiboan Loiola leku "oso garrantzitsua" dela esan du Bucesek, 2017an Azpeitiko Udalaren enkarguz Eusko Gudarosteari buruz egin zuten lana gogoratuta. Izan ere, haren arabera, ikerketa hartan izen-abizen asko berreskuratu zituzten: "Loiolan zer gertatu zen jakin ahal izan genuen, nola antolatu ziren miliziak, nortzuk izan ziren lehen boluntarioak, frontera zein joan ziren, emakumeak erretaguardian gelditu zirela...". Horregatik, Eusko Gudarostea "garai garrantzitsua" izanik, haren oroimenerako leku bihurtuko dute Loiola. "Eusko Gudarostea osatu zuten pertsonei izen-abizenak eta aurpegia jarri nahi dizkiegu proiektuarekin; izan ere, haien ahaleginari esker osatu zen gero lehen Eusko Jaurlaritza".