Aho zapore gaziarekin ekin dio Lagun Onakek denboraldiari

Ihintza Elustondo 2022ko ira. 18a, 19:59

Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak denboraldiko lehen neurketa jokatu du gaur, baina ezin izan du irabazi: 1 eta 3 gailendu da Touring. Partida hasi aurretik, minutu bateko isilunea egin dute Iñaki Leunda zena gogoan. Gizonen talde nagusiak, bestalde, 1 eta 1 berdindu zuen atzo, Deustoren aurka.

Lagun Onak futbol klubaren emakumeen talde nagusiak gaur ekin dio 2022-2023 denboraldiari. Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak Errenteriako (Gipuzkoa) Touring hartu du etxean; 17:00etan hasi da partida, Garmendipeko zelai artifizialean. Azpeitikoek ezin izan dute denboraldiko lehen neurketa irabazi, eta beraz, aho zapore gaziarekin amaitu dute neurketa; 1 eta 3 galdu du Lagun Onakek. Neurketa hasi aurretik, gainera, minutu bateko isilunea egin dute: duela gutxi zendu da Lagun Onak futbol klubeko zuzendaritzako kide zen Iñaki Leunda, eta hura gogoan izan dute ligako lehen neurketan.

26. minutuan iritsi da partidako lehen gola; Touringek falta bidez sarera bidali du baloia. Errenteriakoek berehala sartu dute bigarrena, 31. minutuan, hain zuzen ere, korner baten ostean. Atsedenaldiaren aurretik, 45. minutuan egin du Lagun Onakek neurketako gol bakarra: Mantxolaren erdiraketa baten ostean, Malenek ez du hutsik egin, eta atera bidali du baloia.

Bigarren zatian, bi taldeek aukera batzuk izan dituzten arren, bazirudien horrela amaituko zela neurketa. Dena den, 92. minutuan, hirugarren gola sartu du Touringek, eta horrenbestez, ezin izan du punturik eskuratu gaurkoan Lagun Onakek.

Gizonek berdinketa

Bestalde, Espainiako Hirugarren Mailako taldeak atzo jokatu zuen ligako bigarren partida, Deustoren aurka, Bilbon. Jagoba Erdoziaren golari esker, markagailuan aurretik iritsi zen Lagun Onak atsedenaldira, baina bigarren zatian, Deustok berdindu egin zuen partida. Horrenbestez, 1-1 amaitu zen neurketa, eta puntu bakarra eskuratu zuen Lagun Onaken gizonen talde nagusiak. Une honetan, guztira bi puntu poltsikoratuta, sailkapenaren bederatzigarren postuan da Lagun Onak.