Asteklimaren barruan, hiru hitzordu izango dira Azpeitian

Julene Frantzesena 2022ko ira. 17a, 09:00

Bi tailer eta antzezlan bat prestatu dituzte irailaren 24tik urriaren 2ra bitarterako. Saio guztiak doakoak izango dira, baina aurrez izena eman beharko da. Bi tailerrak, hidrogeno berdeari eta klima aldaketari buruzkoak, Ekoetxean izango dira; Niararen bidaia antzezlana, berriz, Sanagustin kulturgunean.

Euskadiko Klima eta Energiaren Astea izango da irailaren 24tik urriaren 2ra bitartean, eta Azpeitian ere izango dira horri lotutako ekitaldiak. Hain zuzen ere, bi tailer eta antzezlan bat antolatu dituzte Eusko Jaurlaritzak, Azpeitiko Udalak, Ekoetxeak eta beste hainbat eragilek.

Lehen hitzordua irailaren 24an, zapatuan, izango da, 11:00etatik 12:00etara: 8 urtetik gorako umeei zuzenduta, klima aldaketari buruzko tailerra egingo dute Ekoetxean. Doako saioa izango da, baina plazak mugatuak izango dira, eta beraz, aurrez izena eman beharko da irailaren 22a baino lehen, 943-81 24 48 telefono zenbakira deituta. Ekoetxeko kideek azaldu dutenez, parte hartzaileak ikerlari bilakatuko dira saioan: "Izotz lehorra erabilita, klima aldaketari buruzko esperimentu praktikoa egingo dute".

Bigarren hitzordua, berriz, hilaren 25ean, igandez, izango da, eta Niararen bidaia antzezlanaz gozatu ahal izango dute herritarrek Sanagustin kulturgunean. 5 urtetik gorako haurrei zuzendutako emanaldia, 11:00etatik 12:00etara izango da, doan, baina hara joan nahi dutenek ere aurrez izena eman beharko dute –irailaren 23a izango da horretarako azken eguna–, 943-81 24 48 telefono zenbakira deituta.

Hirugarren eta azken saioa, berriz, urriaren 2an, igandez, izango da, Ekoetxean. Egun horretan Hidrogeno berdea izeneko tailerra eskainiko dute Ekoetxean (11:00etatik 12:00etara). Tailer horretan parte hartzeko ez da ordaindu beharko, eta izena emateko azken eguna hilaren 30a izango da (943-81 24 48 telefono zenbakira deitu behar da). Energiari buruzko erakusketa ikusteko eta ariketa praktikoak egiteko aukera izango dute parte hartzaileek.