Aroa Unsain: "Ez nuen uste Zinemaldiaren atzean horrenbesteko lana egongo zenik"

Anartz Izagirre 2022ko ira. 18a, 09:10

Ostiralean hasi zen Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioa, eta irailaren 24a bitartean dozenaka ikus-entzunezko ikusteko abagunea izango da Gipuzkoako hiriburuko hainbat aretotan. Astebete irauten duen jaialdiaren atzean ehunka langileren eta boluntarioren lana dago, eta Gonbidatuen Kudeaketa departamentuan lan egiten dihardu Aroa Unsainek (Azpeitia, 1999). Lehen aldia du azpeitiarrak zeregin horretan.

Dena prest al duzue Donostiako Zinemaldiaren 70. ediziorako?

Bai. Antzematen da igaro ditugun bi urte hauek eta gero jendeak gogo handia duela Zinemaldira etortzeko. Geroz eta jende gehiago dator, eta nik uste dut aurtengo edizioa oso berezia izango dela. Eromena ari da izaten berriro ere normaltasunera itzultze hau.

Zein da zehazki zuen egitekoa Gonbidatuen Kudeaketa departamentuan?

Zinema jaialdira etorriko diren pertsona guztien gonbidapenak kudeatzen ditugu gure departamentuan. Beraz, gu arduratzen gara akreditazioak prestatzeaz, gonbidatu denekin hitz egiteaz, galetako gonbidapenak prestatzeaz eta abar.

Izan al duzu zinemako izarrekin hartu-emana izateko eta horiei laguntzeko aukerarik?

Izarrei apartamentua topatzeko beste departamentu bat dago, eta horiek arduratzen dira haiei laguntzeaz. Guk akreditazioa prestatu bakarrik egiten dugu.

Noiz hasi zineten guztia prestatzeko lanetan?

Ni ekaineko lehen astean hasi nintzen lanean, beste neska batekin batera. Orduan, guztia martxan jartzen hasi ginen, eta departamentuan, orain, hamar neska inguru gaude lanean. Estres gehien azken bi asteotan izan dugu, baina Zinemaldiak irauten duen bitartean ere lan egin beharko dugu. Egia da azken asteak baino apur bat lasaiagoa izango dela datorrena, baina lana izaten jarraituko dugu, ziur.

Zinemaldian lan egiten duzun lehen aldia al da?

Duela hiru urte ere izan nintzen Zinemaldian. Chanel izan zen babesleetako eta makilatzaile ofizialetako bat, eta azafata moduan egin nuen lan orduan. Oso esperientzia ona izan zen, eta, gainera, lankideekin oso ondo moldatu nintzen. Gogoarekin gelditu nintzen jaialdia barrutik bizitzeko eta bertan lan egiteko. Kanpotik begiratuta, alfonbra gorri bat soilik ikusten duzu, baina konturatzen zara mundu bat dagoela horren atzean. Zinemaldiaren barruan, beraz, aurtengoa da nire lehen aldia lanean.

Nolakoa izan da zure esperientzia aurretik Gonbidatuen Kudeaketa arloan?

Marketina eta publizitatea ikasi ditut; beraz, bezeroaren arreta arloa ezagutzen dut. Gainera, azafata moduan ere lan asko egin izan dut. Orain arte izan dudan esperientziak asko lagundu dit lan honetarako. Horrez gain, departamentu honetan ni izan naiz buletinak bidaltzearen arduraduna, eta aurrez ikasitakoak lagundu dit zeregin horretan ere.

Aurretik zein zen Zinemaldiaren inguruan zenuen irudia?

Kanpotik ikusten dena oso desberdina da. Alfonbra gorriaz eta jende famatuaz aparte, gauza mordoa dago Zinemaldian, batez ere, akreditatutako jendearentzat. Nik aurrez ikusten nuena icebergaren punta soilik zen, ez nuen uste Zinemaldiaren atzean horrenbesteko lana egongo zenik.

Zerk erakarri zaitu gehien?

Betidanik egin nahi izan dut lan ekitaldiak kudeatzen, eta urtean zehar Zinemaldia antolatzeko egin behar izaten den lan guztiak erakartzen nau, egitasmoak astebete bakarrik iraungo badu ere.

Eta ba al dago harritu zaituen zerbait?

Ezer txarrik ezin dut esan, justu kontrakoa. Oso giro ona daukagu gure artean, eta talde polita sortu dugu.

Ba al duzu filmen bat ikusteko asmorik?

Dudan ordutegiaren arabera, ea filmen bat ikusteko aukerarik sortzen zaidan. Modelo 77 filma ikusi nahiko nuke, baina sarrera guztiak agortzen ari dira. Iruditzen zait aurten dauden pelikulek, oro har, itxura oso ona dutela.