Eduki babestua

"Produktu, deskontu eta giro onenak ziurtatuta izango dira Stock Azokan"

Erredakzioa 2022ko ira. 15a, 14:44

Bertan merkatari elkarteak Stock Azoka egingo du asteburuan. Hitzordua bihar eta larunbatean izango da; hau da, bihar, 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatean, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Pandemia igarota, "lasaitasunaren" azoka izango dela adierazi dute Bertan merkatari elkarteko kide Mailu Arrietak eta Sonia Gomezek.

Pandemia ondorengo lehen edizioa izango da. Nolakoa izango dela aurreikusten duzue?

Mailu Arrieta: Azken urteetako edizioetan segurtasun neurriak jarri behar izan ditugu, baina aurten, neurri horiek alde batera utzita, herritarrek lasai ibili ahal izango dute Azoka Plazan eta kaleetan arropak eta produktuak begiratzen. Pandemiak zer eragin utzi dizkizuete? Sonia Gomez: Ez da erraza izan, baina pandemia tarteko herrian kontsumitzeko ohitura areagotu zela esango nuke. Kontzientziazioan reagin zuen, eta ea mantentzen den eta neurririk gabeko azokak herritarrei postuetara gerturatzeko lasaitasuna eskaintzen dien.

Lasaitasun horren adierazleetako bat da, azoka tarteko, kaleko animazioa ere prestatu duzuela.

Sonia Gomez: Hala da, egitaraurik gabeko azokak egin ditugu azken urteetan, baina oraingoan posible izango da ekintzak antolatzea. Ostiral arratsaldean, 16:00Etatik aurrera, puzgarriak eta jolasak izango dira plazan. Gainera, larunbat eguerdian, 12:30ean, Juan Antxieta musika eskolakoen emanaldia izango da plazan. Arratsaldean, 17:00etan hasita, berriz, Iago magoaren erakustaldiaz gozatu ahal izango da plazan. Horiez gain, Berti –Bertan elkartearen maskota– herriko kaleetan ibiliko da azokaren berri ematen eta hura girotzen.

Eguraldi txarra egingo balu, zer?

S.G.: Kasu horretan, puzgarriak eta jolasak Frontoi Txikian jarriko ditugu.

Zozketa bereziak ere prestatu dituzue, ezta?

M.A.: Guztira, 600 euro zozkatuko ditugu. Bi zozketa mota egingo dira: batetik, merkatari elkarteak Azpeitiko etxeetara bidalitako eskuorria betetzen eta stockeko saltokiren batera eramaten dutenen artean ehun euroko hiru erosketa txartel zozkatuko ditugu; bestetik, azokara gerturatzen diren eta erosketak egiten dituzten bezero guztien artean ehun euroko beste Hirn erosketa txartel zozkatuko ditugu.

Zenbat saltokik parte hartuko duzue azokan?

M.A.: Herriko 43 saltokik parte hartuko dute azokan, eta horiek askotariko produktuak jarriko dituzte salgai, hala nola arropa, oinetakoak, bitxiak, osagarriak, etxe-tresnak, kirol arropa eta abar. Hamabi postu Azoka Plazan izango dira; Aitzaki kirolak, Arku, Bask, Danetik, Esnaola Tien 21, Euskadi Sport, Ilargi, Larrañaga kirolak, Martina Isasti, Mugi, Nerea Eskulanak eta Ubbo. Beste 29 dendek saltokiaren aurrean muntatuko dituzte postuak: Agirre opari denda, Alar mertzeria, Alzuaran, Arantxa haur denda, Arrospide, Azkue mertzeria, Babesa moda, Biur, Bossi, Disdira, Edurne oinetakoak eta osagarriak, Furundarena, Geu, Iosu optika, Jostaldi kirolak, KaÏoa, Kimu Bat, Koket, Kotoi, Mina mertzeria, Moviltek, NKN, Ordulari, Romaes, Tilin Talan, Trapos, Ufito, Zuri Beltz eta Zume. Azkenik, Boersen eta Gau Argiren produktuak Erdikaleko lokal batean izango dira salgai.

Aukera zabala izango da, beraz.

S.G.: Produktu, deskontu eta giro onenak ziurtatuta izango dira. Azpeitiko saltokien deskonturik onenak aprobetxatzeko eta bertako merkataritzari laguntzeko aukera bikaina eskainiko du Stock Azokak, eta herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi ditugu.