Olatz Perez de Viñaspre: "Ezin dugu gizonen esku bakarrik utzi informatikaren mundua, emakumeak ere beharrezkoak gara"

Ihintza Elustondo 2022ko ira. 15a, 15:16
Olatz Perez de Viñaspre. (Utzitakoa)

Olatz Perez de Viñaspreri emango diote ingurune digitalean ari diren emakumeen lana aitortzea helburu duen II. Gladys saria. Informatikan ingeniaria eta Gasteizen jaioa da, baina Azpeitian bizi da. "Ohorea" eta "erantzukizuna" sentitzen ditu aitortzaren aurrean.

Sistemen Informatikan ingeniari teknikoa eta Informatikan ingeniaria da Olatz Perez de Viñaspre (Gasteiz, 1987). Ondoren, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduko masterra egin zuen, eta ildo hori jorratuz gauzatu zuen doktore tesia ere, Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatean, Donostian. Gaur egun irakasle atxikia da, EHUko Informatika Fakultateko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia Sailean, eta ikerketa munduan ere ari da lanean, Ixa taldean. Aurtengoan, hark jasoko du Puntueusek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EHUren Informatika Fakultateak banatzen duten Gladys saria. Irailaren 27an egingo diote aitortza, EHUren Informatika Fakultatean.

Nola hartu duzu albistea?

Sekulako sorpresa eta poza sentitu ditut, aldi berean. Azken finean, urte askotako lanaren aitortza da saria, eta oso mundu maskulinizatuan, emakumeei ikusgarritasuna emateko modu bat ere bada. Ohore bat da niretzat saria jasotzea, baina erantzukizuna ere sentitzen dut.

Gladys sariaren helburuak honako hauek dira: ingurune digitalean ari zareten emakume gazte euskaldunak saritzea, gazteentzat erreferenteak sortzea eta egiten duzuen lana jendarteratzea. Emakume gutxi ariko da ziur aski zure arloan lanean... Zer nabari duzu inguruan?

Irakaslea naiz EHUren Informatika Fakultatean, eta ikasleei begiratu besterik ez dago: gehien-gehienak mutilak dira. Hogei laguneko taldean, agian, neska bakar bat egon ohi da. Nire garaian ere antzekoa zen egoera: klasean zenbat izango ginen, 50 inguru? Eta horien artean bizpahiru bakarrik ginen neskak. Ikusten da pixkanaka emakumeen kopurua ugaritzen ari dela, baina oraindik oso gutxi dira.

Zergatik gertatzen da hori?

Ez dakigu oso ondo. Mundu osoan gertatzen da gauza bera, eta uste dut informatikarion gain jartzen diren estereotipoek ez dutela horretan laguntzen. Informatikariren bat aipatzean, zulo batean itxita dagoen friki bat etortzen zaigu denoi burura, sozializatzen ez eta bideojokoetan soilik aritzen dena. Eta, noski, hori ez da erakargarria. Uste dut horrekin apurtu egin behar dugula; izan ere, gaur egungo gizartean, informatika esparru guztietan aplikatzen da. Ordenagailuak erabiltzen ari garela uste ez dugunean ere, atzean ziurrenik ordenagailu bati lotutako zerbait egon ohi da. Nagusiki informatikariak ari dira baliabide informatikoak garatzen, eta arlo horretan ere emakumeak egotea biziki garrantzitsua da, beste esparru guztietan bezala.

Zu zerk bultzatu zintuen Informatika ikastera? Zer dauka erakargarria mundu horrek?

Oso txikia nintzela erabaki nuen informatikari izan nahi nuela. Amak ordenagailu bat erosi zuen, garai hartan ez zegoen ordenagailu bat etxe guztietan, eta ni gustura ibiltzen nintzen harekin. Ordutik, argi nuen ordenagailuekin lan egin nahi nuela. Horixe sartu zitzaidan buruan, eta esango nuke burugogorkeriagatik ikasi nuela Informatika. Baina gustura nago, ez naiz batere damutzen.

Gustatzen zaizu zure jarduna, beraz. Pasio handiz egiten al duzu?

Bai, hala da. Niretzat sekulako zortea izan zen fakultatean nengoela Ixa taldea ezagutzea [EHUko ikerketa talde bat da Ixa, hizkuntzaren tratamendu automatikoan lan egiten duena]. Talde horrek hizkuntzalaritza –euskaraz, batez ere– eta informatika uztartzen ditu, eta nire bi pasio elkartzeko aukera eman zidan haiekin lan egiteak: informatikan oso gustura nenbilen, baina euskalgintzari ere ekarpena egiteko gogoa neukan. Haiekin egin nituen Gradu Amaierako Lana nahiz doktore tesia, eta gaur egun ere talde horrekin jarraitzen dut ikertzen.

Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua landu zenuen tesian, eta orain ere bide hori jorratzen duzu. Zertan datza?

Ordenagailuak hizkuntza uler dezan baliabideak sortzen ditugu. Pentsatzen dugu ordenagailuak oso azkarrak direla, baina ordenagailuak berez ez du ezer ulertzen; guk jarri behar ditugu horretarako bitartekoak. Hizkuntzaren prozesamenduan, itzulpen automatikoarekin eta zuzentzaile ortografikoekin hasi ziren lanean; guztiarekin gertatzen den bezala, lehenengo ingeleserako sortu zituzten baliabideak. Horri lotuta, Ixa taldeak hasiera-hasieratik ikusi zuen euskararentzako baliabide digitalak sortzen ez baziren, atzean gelditzeko arriskua geneukala. Atzean gelditzeak zer esan nahi du? Hizkuntza bat mundu digitaletik desagertzen baldin bada, gaur egungo gizartean hizkuntza horrek irauteko zailtasun handiagoak izango dituela.

Horren aurrean, zer egiten du Ixa taldeak? Denetarik. Baina erronka bat dugu esku artean. Denok erabili ditugu itzultzaile automatikoak, eta oso ondo funtzionatzen dute. Baina halako sistemek asko behar dute jateko, testu bilduma erraldoiak behar dira horiek ondo funtziona dezaten, eta euskaraz ez daude hainbeste baliabide. Ingelesak beti edukiko ditu baliabide gehiago. Orain daukagun erronka nagusia zera da: baliabide gutxiagorekin sistema horiek hobeto funtziona dezaten lortzea. Gu euskarak motibatzen gaitu, baina lantzen ari garena baliagarria da beste edozein hizkuntzatarako ere.

Epaimahaiak aho batez hartu du saria zuri emateko erabakia, eta zure "ibilbide akademiko oparoa eta gizarte erronka handiei erantzuteko egindako lana" azpimarratu ditu. Zer erronkari aurre egiten asmatu duzula esango zenuke?

Tesia egiten hasi nintzenean, medikuntzaren alorrean lan egiteko aukera eskaini zidaten. Interesgarria iruditu zitzaidan, baina nik euskararentzako baliabideak sortzea nahi nuen. Horri lotuta, arazo bat genuen, ordea: ez zegoen euskarazko testurik. Motibazio horretatik abiatuta, terminologia kliniko hori automatikoki euskaratzeko teknika batzuk garatu nituen tesian. Orain, Osakidetzarekin batera, oso proiektu polita garatzen ari gara: osasun txostenak automatikoki itzultzea da asmoa, euskaratik gaztelaniara. Hartara, medikuak pazientearekin euskaraz izaten baldin badu ahozko komunikazioa, txostena ere euskaraz idatzi ahalko du, baina gerora, paziente bera euskara ulertzen ez duen beste mediku batek artatu behar baldin badu, itzultzaileari esker ulertu ahal izango du txostena. Hori da helburua, eta horretan gabiltza.

Gladys bezalako sariak garrantzitsuak iruditzen al zaizkizu ingurune digitalean ari zareten emakumeen jarduna bultzatzeko?

Bai. Azken finean, sariaren inguruko kontuak agertu dira prentsan, eta horren harira, jende askok idatzi dit. Egia esan, lotsa pixka bat ematen dit, baina gure lana jendearengana iristeko balio du horrek. Informatikaren munduan mutilak dira gehienak, eta emakumezko erreferenteak sortzen laguntzen du sariak. Beste gai bat da, baina mendi lasterketetan, edo beste edozein kiroletan, gero eta emakume gehiago daude. Zergatik? Gero eta erreferente gehiago daudelako eta emakumeek sinesten dutelako beraiek ere egin dezaketela. Garrantzitsua da Informatika ikasi eta pertsona normala izaten jarrai dezakezula ikustea gazteek.

Zer esango zenieke Informatika ikasi edo ez zalantzan dauden neskei?

Animatzeko; edozein ikasketarekin bezala, probatzeko, eta ez edukitzeko beldurrik. Ni ere beldur nintzen lehen urtean: "Eta gustatzen ez bazait?", pentsatzen nuen. Ez gustatuz gero, ez da ezer gertatzen; ikasketak aldatu, eta listo. Dena den, zalantzan dauden horiei esango nieke saiatzeko, oso polita dela informatikaren mundua eta irtenbide pila bat dituela. Informatika arlo denetan aplikatzen da, eta ikasketak amaitzean, oso arlo ezberdinetan lan egin daiteke. Informatikaren munduak arlo asko barnebiltzen ditu, eta horiek ezin ditugu gizonen esku bakarrik utzi, beharrezkoak gara emakumeak ere. Adimen artifizialean, adibidez, gero eta indar handiagoa hartzen ari da etikaren kontua. Erabaki horiek hartzen direnean, emakumeok ere presente egon behar dugu.

Beste bi sari garrantzitsu ere jaso dituzu zure ibilbidean: Euskarazko Tesien VI. Koldo Mitxelena sarietan, Ingeniaritza eta Arkitekturaren jakintza arloko saria eskuratu zenuen, eta I. Ikergazte Nazioarteko Ikerketa Euskaraz kongresuan Udalbiltzak banatutako Sari Berezia. Zer garrantzi ematen diezu aitortza horiei?

Ikergazterena izan zen jaso nuen lehenengo saria, eta bultzada ikaragarria izan zen niretzat. Osasun txostenen kontu hori planteatzen ari nintzen orduan, eta proiektuak Udalbiltzaren eta UEUren babesa zuela ikustea sekulakoa izan zen niretzat. Koldo Mitxelena saria tesia bukatzean eman zidaten, eta ederra izan zen nik landutakoa euskaldunentzako baliagarria izan zitekeela aitortzea.

Aurrera begira, ba al duzu proiektu berririk esku artean?

Momentuz, aipatutako proiektuekin aurrera goaz; osasun txostenen kontuarekin asko inplikatu da Osakidetza, eta badirudi etorkizun ona eduki dezakeela proiektuak. Horrez gain, genero alborapenaren kontua ikertzen ari gara Ixa taldean. Adimen artifizialaren munduan sekulako munstroak ari dira sortzen, baina aztertu beharra dago sistema horiek zer estereotipo eta zer alborapen dituzten txertatuta. Adibide bat jarriko dut: itzultzaile automatiko batek medikua beti médico itzultzen badu euskaratik gaztelaniara, medikuak mutila izan behar duela ulertarazten du, eta ez neska. Halako kasuak aztertzen ari gara, horiek saihesteko ereduak sortzeko.