Piaspe proiektu eolikoa

Batzar irekia deituko du udalak parke eolikoaren proiektuaz informazioa emateko

Ihintza Elustondo - Maialen Etxaniz 2022ko ira. 14a, 14:32

Deialdia zehazteko dago, baina bilera "egun batzuk barru" egin asmo dutela iragarri du gaur eguerdian Nagore Alkortak, eta Statkraft enpresako ordezkariak han azalpenak eman ditzaten gonbidatuko dituztela aurreratu du. Atzo udala Norvegiako enpresaren asmoen "jakitun" zela baieztatu ondoren, agerraldia egin du alkateak.

Statkraft enpresa hidroelektrikoak Azpeitia, Zestoa eta Errezil inguruetan zentral eoliko bat egiteko asmoa duela azaldu zuten atzo publikoki, enpresa Eusko Jaurlaritzarekin batzartu ondoren. Atzo udala Norvegiako enpresaren asmoen "jakitun" zela baieztatu ondoren, agerraldia egin du gaur eguerdian Nagore Alkorta alkateak.

Agerraldi horretan, parke eolikoaren proiektuaz informazioa emateko batzar irekia deituko dutela iragarri du Alkortak. Deialdia zehazteko dago, baina bilera "egun batzuk barru" egin asmo dutela esan du alkateak, eta Statkraft enpresako ordezkariak han azalpenak eman ditzaten gonbidatuko dituztela aurreratu du.

"Energiaren demokratizazioa" nahiz "erakundeen eta enpresen arteko elkarlana" ere izan ditu hizpide Alkortak; izan ere, egitasmoaren inguruan, bi "elementu berritzaile" daudela azpimarratu du Alkortak: "Batetik, enpresa sustatzailea Norvegiako enpresa publikoa da, eta bestetik, energiaren munduan aurreneko aldiz hitz egiten da haren sozializazioaz eta demokratizazioaz, eta nola ez, lankidetzaz". Hain zuzen ere, enpresak herenegun azaldu zuen planaren hiru ardatzak direla "energiaren sozializazioa", "euskal industriarako zero kilometroko hornidura elektrikoa" eta "publiko-pribatuaren artean lankidetza". Alkatearen hitzetan, Statkraftek aurkeztutako proiektuak "bidea irekita" uzten du herritarrek, enpresek zein erakunde publikoek "parte hartzeko". Ildo horretan, "aukera bezala" ikusi du udalak Norvegiako enpresa publikoaren proposamena.

Azpeitiko Udalak ez ezik, herritar talde batek ere deitu du bilera irekia datozen egunetarako. Zentral eolikoaren aurka agertu dira haiek, eta irailaren 21erako jarri dute hitzordua.