Jabetze Eskolak eta beste hainbat ekintza, Emakumeen Txokoko udazkeneko eskaintzan

Idoia Arrizabalaga Berdintasun zinegotzia, Ione de la Cruz dinamizatzailea eta Uxana Agirresarobe Berdintasun teknikaria, Emakume Txokoaren eskuorri berriarekin. (Azpeitiko Udala)

Sei ikastaro emango dituzte abendura bitartean Jabetze Eskolen barruan, hitzaldiak, aurkezpenak eta bestelako ekintzak ere prestatu dituzte, eta horiez gain, egitasmo iraunkorrak ere martxan jarriko dituzte berriro. Irailaren 19tik 30era irekita izango da batzuetan zein besteetan izena emateko epea.

Udaleko Berdintasun sailak eta Emakumeen Txokoak aurkeztu dute ikasturte berriaren lehen hilabeteetarako prestatu duten eskaintza. Abendura bitartean, Jabetze Eskolen barruan sei ikastaro emango dituzte, baina horiez gain beste hainbat ekintza eta egitasmo ere martxan izango dira datozen hilabeteetan.

"Emakumeen ahalduntzean sakontzeko eta eragiteko" ikastaroak, ekintzak eta zerbitzuak daude aipatutako eskaintzaren barruan. "Ikasturte berrian ere emakumeen ahalduntzerako, parte hartzerako, sentsibilizaziorako, emakumeok saretzeko zein integraziorako erreferentzia izan nahi du Emakumeen Txokoak", adierazi du Idoia Arrizabalaga Berdintasun zinegotziak, eta gaineratu du "Jabetze Eskolako tailerren, ekintzen zein zerbitzuen eskaintza eskaerara eta beharretara egokitzen saiatu" direla horretarako.

Jabetze Eskolen barruan sei ikastaro antolatu dituzte udazkenerako: Batukada Feminista; Ekin argiari; Telazko… zer?; Hurreratu finantzen mundura; Hirigintza feminista: espazioa, boterea, gorputza eta erresistentziak; eta Sexy Dance. Sustatzaileen hitzetan, "emakumeei beren buruaren eta bizitzaren jabe izateko tresnak eskaintzea" da ikastaro horien helburua.

Jabetze Eskolez gain, parte hartzea, sentsibilizazioa eta integrazioa lantzeko beste lau ekintza ere egingo dituzte abendua bitartean Emakumeen Txokoan: Chicas prepago laburmetraia aurkeztuko du Isa Saez zuzendariak urriaren 5ean, Lunática liburua aurkeztuko du Andrea Momoito idazleak azaroaren 16an, Loditasuna izeneko hitzaldia emango du Mijo Lizarzaburuk abenduaren 14an, eta Erdialdeko Amerikako bi ekintzaile feministarekin eztabaida saioa antolatu dute urriaren 12rako.

Sasoi berrirako hitzorduekin batera, abian jartzear dira Emakumeen Txokoan literatura feministako taldea eta Empalabramiento proiektua, eta ohiko zerbitzuak ere bai

Izen ematea eta eskuorria

Azken bi egitasmo horietan izena emateko aukera irekita egongo da ikasturtean zehar. Aldiz, udazkenean Jabetze Eskolen barruan emango dituzten ikastaroetan zein gainerako ekintzetan izena eman nahi dutenek datorren astelehenetik aurrera izango dute horretarako aukera: irailaren 19tik 30era martxan izango da izen emate epea.

Ikasturte berriko lehen hilabeteetako eskaintza, izen emate orriak eta Emakumeen Txokoak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak jasotzen dituen eskuorria da hau