Iraurgi Berritzenek oinarrizko prestakuntzaren eta prestakuntza teknikoen ikastaroak antolatu ditu langabetuentzat

Andoni Elduaien 2022ko ira. 12a, 15:17

Azpeitian eta Azkoitian eskainiko dituzte ikastaroak. Izena emateko Iraurgi Berritzenek zabaldutako telefono zenbakietara deitu beharko da datozen egunetan.

Iraurgi Berritzenen Enplegu Arloa, Urola Erdiko langabezia murrizteko eta enplegua sustatzeko helburuarekin, profilen araberako ekintza lerro estrategiko desberdinak ari da garatzen azken urteetan eskualdeko eragileekin batera. Lan ildo horien artean dago, besteak beste, zaurgarritasun egoeran edo arriskuan aurkitzen diren langabetuei zuzendutako 'Urola Erdian ElkarEkinez UE3' proiektua.

Aipatutako proiektuaren helburu nagusia da zailtasun egoeran dauden pertsona langabetuei gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide egokituak eta eraginkorrak eskaintzea, horretarako eskualde mailako zerbitzuak integratuz. Proiektuak eskualdeko 164 pertsona langabetuen laneratzeko ibilbideak ahalbideratuko ditu datozen hilabeteetan, lehiakortasun teknikoak, oinarrizkoak eta lanbide ziurtagiriak lortzeko bideratuko diren bost ikastaroren eta enpresen parte hartzea sustatzeko ekintzen bitartez.

Hori horrela, ikastaroak Azpeitian eta Azkoitian antolatu ditu Iraurgi Berritzenek. Azpeitian, oinarrizko gaitasunak ikastaroaren lehen –irailaren 26tik azaroaren 11ra– nahiz bigarren mailak –azaroaren 16tik otsailaren 22ra– eta eraikuntzan laneratzeko prestakuntza tailler praktikoa eta teorikoa emango dituzte –urriaren 3tik apirilaren 18ra–. Hiru ikastaro horietan izena emateko 688 75 95 90 (Maialen) telefono zenbakira deitu beharko da.

Azkoitian, aldiz, oinarrizko gaitasunak ikastaroaren lehen –irailaren 26tik azaroaren 11ra– eta bigarren mailak –azaroaren 26tik otsailaren 22ra–, eskainiko dituzte. Oinarrizko gaitasunen lehen mailan, gaztelaniazko oinarrizko ikastaroa eskainiko dute, 150 ordukoa. Aldiz, oinarrizko gaitasunen bigarren mailan, gaztelania eta matematikako ikastaroa eskainiko duter, 240 ordukoa. Izena emateko, 688 87 35 89 (Sandra) edota 688 75 84 94 (Maite) telefono zenbakira deitu beharko da. Hona hemen ikastaro guztien informazioa, puntuz puntu:

Azpeitian:

  • Oinarrizko gaitasunak 1. maila (150 ordu).
  • Oinarrizko gaitasunak 2. maila (240 ordu).
  • Laneratzeko prestakuntza tailerra - Eraikuntza —teorikoa eta praktikoa— (500 ordu).

Azkoitian:

  • Oinarrizko gaitasunak 1. maila (150 ordu). 
  • Oinarrizko gaitasunak 2. maila (240 ordu).