Donostiako Zinemaldian emango dute Xanti Agirrezabalak parte hartu duen 'Cuerdas' film laburra

Xanti Agirrezabala aktorea. (Ihintza Elustondo)

Estibaliz Urresola zinemagile arabarrak zuzendutako lana da, eta Muskizko Petronorren lantegia da kontakizunaren ardatza. Ostiraletik datorren asteazkenera bitartean ikusi ahal izango da ikus-entzunezkoa Donostian.

Cannesko (Frantzia) zinema jaialdiko 61. Kritikaren Astean aurkeztu zuten Xanti Agirrezabala aktore azpeitiarrak parte hartu duen Cuerdas film laburra, eta orain, Donostiako Zinemaldian emango dute. Estibaliz Urresola zinemagile arabarrak zuzendutako lana da, eta Muskizko (Bizkaia) Petronorren lantegia da kontakizunaren ardatza. Honela azaldu zuen Agirrezabalak lanaren muina, Uztarriari emandako elkarrizketan: "Lantegi horrek herritarrei zer-nolako osasun kalteak eragiten dizkien azaltzen du filmak, eta salatzen du nola den posible legeak halako zerbait onartzea. Aspalditik dago frogatuta enpresa horrek bertako herritarrei nahiz inguruari kalte egiten diela, eta herritarrek borroka egin eta epaiketak irabazi dituzten arren, oraindik ere irekita jarraitzen du oso kaltegarria den lantegiak. Filmak kontatzen duena da diruak eta enpresa handiek nola irabazten duten herritarren aurkako borroka hori".

Ikus-entzunezkoa ostiralean –irailak 16– emango dute lehen aldiz Donostiako Zinemaldian, 22:00etan hasita, Tabakalerako lehen aretoan. Larunbatean –irailak 17–, Principeko bederatzigarren gelan ikusi ahal izango da, 16:00retan; profesionalentzako bakarrik izango da emanaldi hori. Igandean –irailak 18–, berriz, bi saio izango dira: Tabakalerako lehen aretoan emnago dute 12:00etan, eta Principeko bigarren gelan 16:00etan. Datorren asteazkenean –irailak 21– izango da azken emanaldia; 22:00etan emango dute, Tabakalerako lehen aretoan.

Donostiako Zinemaldiaren webgunean eskura daiteke informazio gehiago.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide