Nagore Aranburu, 'Irati' filmaren lantaldean

Ihintza Elustondo 2022ko ira. 9a, 10:00
Nagore Aranburu, 'Irati' filmeko soinu posprodukzioan. (Irati)

Paul Urkijok zuzendutako bigarren film luzea da Irati. Sitgesko Fantasiazko Zinema Jaialdian estreinatu ostean, azaroaren 18an iritsiko da zinema aretoetara. Nagore Aranburu da aktoreetako bat.

Datorren azaroaren 18an iritsiko da zinema aretoetara Paul Urkijok zuzendutako Irati filma, eta aktore azpeitiar batek parte hartu du ikus-entzunezkoan; Nagore Aranburuk, hain zuzen ere. Sitgesko Fantasiazko Zinema Jaialdiaren (Katalunia) Sail Ofizialean lehiatu zen Urkijoren bigarren film luzea, eta estreinaldiaren ostean, arazoan ikusi ahal izango dute herritarrek, ohiko zinema aretoetan. Filmak euskara du hizkuntza nagusia.

Ikus-entzunezkoaren zuzendariak azaldu duenez, Irati "beti kontatu nahi" izan duen "Erdi Aroko abentura film fantastikoa" da. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Huescako (Espainia) hainbat tokitan grabatu dute filma, eta VIII. mendean giroturik dago. Garai hartan, kristautasuna Europan zabaltzen ari zen, eta desagertzen ari ziren sinesmen paganoak. Aurreratu dutenez, "euskal mitologiaren osagai magikoak" ditu ikus-entzunezkoak. 

Azpeitiarraz gain, honako beste aktore hauek daude filmaren lantaldean: Eneko Sagardoi, Edurne Azkarate, Iñigo Aranbarri, Elena Uriz, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre, Kepa Errasti eta Itziar Ituño. Talde teknikoa, bestalde, honako hauek osatu dute: Nerea Torrijos izan da jantzien arduraduna, Mikel Serrano da arte zuzendaria, Maite Arroitajauregik eta Aranzazu Callejak soinu banda egin dute, David Heras eta Jon Serrano efektu berezien arduradunak izan dira, eta Gorka Gomez argazki zuzendari lanetan aritu da.

'Irati' filmeko fotograma bat. (Irati)