Cascanteko uztai txapelketa irabazi du Xabier Iturraldek

Nerea Uranga 2022ko ira. 4a, 17:30
Xabier Iturralde atzo Cascanten uztai txapelketa irabazi ostean. (Argazkia: A.O.J.)

Boladan dago errekortari azpeitiarra, atzoko garaipenarekin denboraldiko hirugarren txapelketa eskuratu du. Cascantekoa ere Borja Valenzuelarekin bikotea osatuta irabazi du.

Xabier Iturralde errekortari azpeitiarrak sasoiko hirugarren garaipena lortu zuen atzo Cascanten (Nafarroa) jokatutako uztai txapelketan. Oraingo honetan ere, Borja Valenzuela zaragozarrarekin osatu zuen bikotea.

Eulogio Mateo ganadutegiko behiekin jokatu zuten Cascanteko txapelketa atzo. Sailkapen saiotik hiru bikote sailkatu ziren finalerako, eta saio horretan Montañesa izeneko behiari hamalau uztai sartzea lortu zuten Iturraldek eta Valenzuelak. Lan horri esker, lehen postua lortu eta finalera sailkatu ziren. Finaleko saioan, berriz, Montaña izeneko behiari, "aurrekoaren amari", hiru uztai sartzea lortu zuten. "Beste bikote batekin berdinketa egin genuen finaleko saioan, hiruna uztai sartuta. Sailkapen proban, baina, guk hamalau uztai sartu genituen eta haiek bi. Beraz, garaipena gurea izan zen", azaldu du Iturraldek.

Datorren asteazkenean beste uztai txapelketa bat jokatuko du errekortari azpeitiarrak Nafarroan, Azkoienen. Kasu horretan ere, Borja Valenzuela izango du bikotekidea. Enrique Dominguez ganadutegiko buruekin egingo dute txapelketa.