Etxe giroa, gaztaren habi

Ihintza Elustondo 2022ko ira. 2a, 09:54
Juan Ezenarro 'Berastegi' eta Maria Luisa Alberdi, Xoxote gazta eskuetan dutela. (Ihintza Elustondo)

Maria Luisa Alberdi eta Juan Ezenarro senar-emazteek urteak daramatzate Xoxote gazta ekoizten, eta horren harira, omenaldia egingo diete igandean, Gipuzkoako Artzain Egunean.

Izarraitzen magalean, Berastegi baserrian, urteak daramatzate familia giroan eta mimo handiz Idiazabal jatorri izeneko gazta egiten. Produktuaren sorlekuari lotuta aukeratu zuten harentzako izena ere: Xoxote gazta. Maria Luisa Alberdi (Azpeitia, 1947) eta Juan Ezenarro Berastegi (Azpeitia, 1941) senar-emazteen lanaren emaitza da gazta hori hein handi batean, eta haiek urteetan egindako ibilbidea saritzeko, omenaldia egingo diete igandean Legazpin ospatuko den Gipuzkoako Artzain Egunean.

Denboran atzera egin behar da Xoxote gaztaren hastapenetara hurbiltzeko. Alberdiren aspaldiko nahia zen gaztagintzaren munduan murgiltzea, eta duela 30 urte, pausoa ematera ausartu zen. "Beti izan nuen ardiekin-eta ibiltzeko desira, eta Berastegi baserrian artegi bat egitea pentsatu nuen. Proiektu hori martxan jartzeko, Abelurrera joan nintzen galdetzera. Juan Bautista Otaegik [Arantzazuko Gomiztegi baserriko Artzain Eskolaren koordinatzailea] lagundu zidan hasierako pausoak ematen. Hari esker, hainbat ikastaro egin nituen, besteak beste, ganaduaren elikadurari eta gaztagintzari buruz informatzeko".

Ikastaro haiek eta Otaegiren gomendioek asko lagundu ziotela aitortu du Alberdik, baina hala eta guztiz ere, hastapenak "nahiko zailak" izan zirela nabarmendu du. "Dena den, familia giroan, elkartuta, aurrera egin genuen", oroitu du.

Senar-emazteak, gazta egin ohi duten lekuan. (I. E.)

Senarra ardiekin

Gazta egiteko prozesuaz emaztea arduratu izan da batez ere, baina senarraren laguntza ere ezinbestekoa izan da urteotan guztiotan. Emaztea esku lanean aritzen zen bitartean, senarra ardiak zaintzeaz arduratzen zen. "Beti gustatu izan zaizkit ardiak, eta gustu handiz zaintzen nituen. Askotan joaten nintzen ardiekin Xoxote aldera". Berastegikoek txabola ere badute Izarraitzen magalean, eta inguru horietan ibili izan dira haien ardiak, larrean libre.

Ezenarro musikaria ere bada, eta urteak eman ditu han-hemenka panderoa jotzen. Horrez gain, Kupela taldeko bateria jotzailea izan zen, eta etxetik kanpo lan ere egiten zuen. Beraz, musika, ardiak eta lana, denak uztartu behar izan zituen. Modu batera nahiz bestera, Alberdi eta Ezenarro, biak, izan dira Xoxote gaztaren sustatzaile, eta beraz, biek jasoko dute omenaldia Gipuzkoako Artzain Egunean.

Senar-emazteak urteetan aurrera doazen arren, haien etxean ez da galdu gazta egiteko ohitura. Gaur egun ere, 75 urterekin, gazta egiten jarraitzen du Alberdik, eta ahal duen bitartean halaxe jarraitzeko asmoa du. Orain, ordea, alaba Edurnek eta haren senar Xabier Arzuagak laguntzen diote zeregin horretan; Arzuaga arduratzen da ardiez, eta Edurne gaztagintzaz, amarekin batera. Hemeretzi bat urte dira alaba eta haren senarra ere gaztagintzaren munduan murgildu zirela.

Berastegi baserrikoek etxe giroan egin izan dute gazta beti, eta orain ere halaxe jarraitzen dute; horixe da Xoxote gaztaren filosofia. Garai oparoenetan, 550 ardi izatera iritsi ziren, eta gaur egun, 300 inguru dituzte. Gazta ona egiteko sekretua zein den galdetuta, argi dio Alberdik: "Lana". Gazta ekoizteko prozesuak denbora asko eskatzen duela azpimarratu du, baina era berean, "mundu polita" dela uste du. Gaztazaleak dira senar-emazteak, eta gazta egiteaz gain, atsegin dute dastatzea ere. "Horregatik gustatzen zait hainbeste egitea", esan du Alberdik.

"Ilusioa" egin die Alberdi eta Ezenarro senar-emazteei Legazpiko Artzain Egunean omenaldia egingo dietela jakiteak. Urtero-urtero joan izan dira ospakizun horretara, gazta postua jartzera eta egunaz gozatzera, eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Aurtengoa, baina, egun berezia izango da. "Familia guztia joango gara, eta omenaldiaren ostean, hantxe bazkalduko dugu, elkarrekin. Egun polita izango da", diote.

13:00etan hasiko da omenaldia, eta Azpeitiko gaztagileekin batera, Xexilio Goñi artzain gipuzkoarra nahiz Tomas Ibarra eta Lucio Irisarri Ameriketan izandako artzainak omenduko dituzte. Horrez gain, artzain gaztaren zein ardi okelaren lehiaketak, sagardo nahiz gazta dastaketak eta abar izango dira igande goizean zehar Legazpin; arratsaldean, berriz, Gipuzkoako Artzain Txakur Txapelketa jokatuko dute. Beraz, omenaldiez eta aitortzez gain, izango dute zertaz gozatua artzain eta gaztagintza mundua miresten dituztenek.