Entrenamendu saioa egin dute zezen plazan pentatloiaren finalaurrekoan lehiatuko direnek

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 1a, 09:33

Giza proban erabiliko duten harriarekin trebatzeko zein plazaren bueltan korrika aritzeko aukera izan zuten atzo arratsaldean hamabi kirolariek.

V. Euskal Pentatloiaren bigarren kanporaketa, finalaurrekoa, jokatuko dute etzi Azpeitiko zezen plazan hamabi kirolarik, eta guztiek izan zuten atzo zezen plazan bertan trebatzeko aukera.

Hain zuzen ere, plazako probalekuan eta giza proban han mugitu beharko duten 400 kiloko harriarekin aritzeko baliatu zuten aukera kirolariek, eta plazaren bueltan korrika egitekoa ere bai; zapatuan izango dituzten bost lanetako bi dira horiek. Finalaurreko saio horretatik aterako dira hil honen 24an toki berean finala jokatuko duten sei kirolarien izenak.

Atzo, 17:00etatik 19:00etara bitartean izan zuten entrenatzeko aukera kirolariek, eta bi ordu horien barruan egokien zetorkion ordu tartea erabili zuen bakoitzak. Argazkiotan, Aitzol Atutxa, Zelai lehengusuak (Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Jon Gisasola Zelai V.a) eta Iñaki Errazkin ikus daitezke.

18:00etan hasiko da etziko herri kirol lehia. Ikustera joan nahi dutenek, Landetako Mendizabal erretegian eta Tolosako (Gipuzkoa) Kantabrikon aurrez eros ditzakete sarrerak, eta zapatuan bertan zezen plazako leihatilan ere bai, 17:00etatik aurrera.