Xabier Iturraldek urteko bigarren garaipena lortu du Figueruelaseko Uztai Txapelketan

Mailo Oiarzabal 2022ko abu. 29a, 18:54
Xabier Iturralde uztaia jartzen, atzo, Figueruelaseko txapelketan. (Javi Medrano)

Borja Valenzuelarekin bikotea osatuta irabazi zuen txapela azpeitiarrak, atzo, Uztaien Ligako 22. saioan. Martxoan, ligako lehen jardunaldian, eskuratu zuen aurreko garaipena Iturraldek.

Xabier Iturralde errekortari azpeitiarrak aurtengo denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen atzo Figueruelaseko (Zaragoza, Espainia) Uztai Txapelketan. Borja Valenzuela zaragozarrarekin osatu zuen bikotea Iturraldek atzoko saioan, ligako 22.a eta "denboraldiko gogorrena", azpeitiarraren esanetan.

Bederatzi errekortari bikote lehiatu ziren Figueruelasen, eta Iturralde eta Valenzuela izan ziren onenak sailkapen fasean: hiru uztai sartu zituzten Eulogio Mateoren ganadutegiko Paleta behiaren adarretan. Horrenbestez, hiruko finalerako txartela lortu zuten azpeitiarrak eta bere bikotekideak. Finalean, lehiatu ziren hiru bikoteak hutsean gelditu ziren, inork ez zuen lortu uztairik jartzea eta, horrenbestez, sailkapen fasean egindako lanari esker, Iturralderentzat eta Valenzuelarentzat izan zen Figueruelaseko garaikurra. Finalean bere onena eman ezinda aritu zela kontatu du Iturraldek; izan ere, sailkapeneko saioan masailalboko hezurrean min hartu zuen, "kolpe handia". Gaur Ejea de los Caballerosen aritzekoa zen azpeitiarra, baina huts egingo du saio horretan; aldiz, bihar Tarazonan izango da, Zaragozako lurretan, berriro.

Figueruelasekoa aurtengo Uztai Ligako bigarren garaipena izan da Iturralderentzat. Ligako lehen txapelketan, Fiteron (Nafarroa), irabazi zuen lehen garaikurra, Ander Lizarralderekin batera, martxoaren 13an. Hain zuzen ere, Villabonako errekortaria da azpeitiarraren ohiko bikotea uztai txapelketetan, baina "duela hiru aste apendizitisa izan zuen", eta harrezkero bikotez aldatzen ibili da Iturralde. "Abuztuan zazpi-zortzi bikotekide ezberdinekin aritu" dela dio, aurtengo denboraldiaren gorabeheratsua nabarmenduz. Izan ere, abuztuan pilatzen dira Uztai Ligako saio gehienak, eta horiek bestelko ikuskizunekin ere uztartzen dituzte errekortariek. Horrela, amaitzear den hil honetan guztira hamazazpi saiotan hartu du parte azpeitiarrak, eta denboraldia hasi zenetik, berriz, 30 aldiz atera da lehiatzera zezen plazetara. Urriaren 13an bukatuko da aurtengo Uztaien Liga, Zaragozako Pilar jaien barruan.