Konponketa lanak tarteko, bost egunez itxita izango da Odria auzorako errepidea

Julene Frantzesena 2022ko abu. 18a, 14:59
Odria auzoan hondoratu den errepide zatia. (Azpeitiko Udala)

Errepide zati bat hondoratu zen herenegun Premietxeberri baserriaren inguruan. Zapatuan hasiko dituzte konponketa lanak, "urgentziaz". Odriako bizilagunek Elosiagatik eta Enparangainetik izango dute auzora joateko aukera.

Errepide zati bat hondoratu zen herenegun Odria auzoan, Premietxeberri baserriaren inguruan, eta datozen egunetan hasiko dituzte konponketa lanak. Ondorioz, zapatuan hasita, bost egunez, itxita izango da errepide zati hori, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Hori dela eta, Odriako bizilagunek Elosiagatik eta Enparangainetik izango dute auzora joateko aukera.

Udalak azaldu duenez, Udaltzaingoak eremua babestu zuen errepidea hondoratu ostean, eta udal teknikariek eremua aztertu zuten, bide segurtasuna bermatzeko. Konpontze lanak "urgentziaz" egin behar direla ondorioztatu zuten teknikariek, eta etzi hasiko dira horretan.