Kontzertuz beteta dator Kulturazen iraileko agenda

Julene Frantzesena 2022ko abu. 17a, 09:00
Joseba Irazoki eta Lagunak taldea.

Musika aldetik, indartsu iritsiko da iraila Azpeitira. Izan ere, zortzi talderen kontzertuak izango dira hilabete horretan Sanagustin kulturgunean. Emanaldietarako sarrerak salgai daude dagoeneko.

Abuztuko geldialdiaren ostean, indartsu iritsiko da kultur agenda irailean Azpeitira. Izan ere, Kulturaz kooperatibak hainbat kontzertu antolatu ditu hilabete horretarako. Musika emanaldietan aukera anitza izango da, besteak beste, Viva Belgrado, Bananas, Joseba Irazoki eta Lagunak, Erabatera, Lukiek, Monte del Oso, Kaos Etiliko eta Leherkaitz izango baitira Sanagustin kulturguneko agertokian.

Lehen kontzertuak Viva Velgradok eta Bananas taldeak eskainiko dituzte irailaren 10ean, larunbatez, 22:00etan hasita, eta emanaldi horietako sarrerak salgai daude dagoeneko 15,5 euroren trukean. Musikazaleen bigarren hitzordua irailaren 16an, ostiralarekin, izango da (22:00): Joseba Irazoki eta Lagunak nahiz Erabatera taldeak izango dira oholtzan –sarrerak Kulturazen webgunean eros daitezke–.

Hurrengo egunean, zapatuan, Lukiek eta Monte del Oso taldeek 90. hamarkadako doinuak eskainiko dituzte modu eguneratuan. Emanaldiak 22:00etan hasiko dira, eta hara joan nahi dutenek dagoeneko eskura ditzakete sarrerak. Irailaren 23an, berriz, talde mitiko batek eta hasiberri batek elkarbanatuko dute Sanagustineko agertokia: Kaos Etilikok ez ezik, Azpeitiko Leherkaitz taldeak ere eskainiko du kontzertua –sarrerak honako lotura honetan eros daitezke, hamahiru eurotan–.