Zer iritzi dute herritarrek energia aurrezteko neurrien inguruan?

Urtzi Oteiza-Julene Frantzesena-Juan Luis Romatet 2022ko abu. 9a, 16:00

Espainiako Gobernuak energia aurrezteko ezarritako neurriak bihar sartuko dira indarrean Hego Euskal Herrian. Gauerditik bete beharko dituzte, batez ere, saltokiek, ostalaritza guneek nahiz eraikin publikoek tenperaturari nahiz argiztapenari lotutako neurriak. Erlo Telebista Azpeitian eta Zumaian izan da herritarrei galdezka.

Horrenbestez, bihartik aurrera aire girotua ezingo da 27 graduz azpitik jarri, eta neguan, ezingo da berogailua 19 gradutik gora jarri. Neurri hori ez dute bete beharko lan baldintzengatik edo berezitasunengatik errespetatu ezin dituzten eremuetan, hala nola jatetxeetako sukaldeetan, ikastetxeetan eta haurtzaindegietan, osasun zentroetan, ile apaindegietan, gimnasioetan, garraiobideetan nahiz hoteletako geletan –gainerako eremuetan bai–.

Argiztapenari dagokionez, 22:00etatik aurrera hutsik dauden eraikin publikoetako eta saltokietako erakusleihoetako argiak itzali egin beharko dira. Salbuespena izango dira eraikinak ez diren monumentuak eta argi errotuluak. Gainera, irailaren 30az geroztik, eraikinek atea ixteko sistema automatikoa izan beharko dute, dendek eta tabernek barne.

Halaber, irailaren 2tik aurrera, eraikinetan energia aurrezteko hartutako neurrien berri eman beharko dute, sarreratik ikus daitezkeen kartelen edo pantailen bidez. Bestalde, urtea amaitzerako eraikinen efizientzia energetikoaren ikuskapena egin beharko da, azken ikuskapena 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen egin zen kasuetan.

Neurriak derrigor bete beharko dira bihartik aurrera, baina erkidegoek kontrolatuko dute horiek betetzen diren ala ez, eta hasieran malguak izango direla esan dute horiek. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak betearazi egingo dituzte neurriok, baina Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatu dio horiek "malgutasunez" ezartzeko.

Erlo Telebista Zumaian eta Azpeitian izan da, herri horietako hainbat saltokitako eta ostalaritza gunetako kideekin neurriez hizketan.