Arana Goikoa auzoaren irisgarritasuna hobetzeko bigarren faseko lanei ekingo diete

Julene Frantzesena 2022ko abu. 9a, 09:35
Aitor Bereziartua zinegotzia eta bizilagunak Arana Goikoan egindako bileran. (Azpeitiko Udala)

Auzo horretako 17 eta 19 etxe atarien arteko irisgarritasuna hobetzeko lanak abuztuaren bukaeran hasiko dituzte. Gainera, auzoko ur hoditeria estolderia eta espaloiak ere berrituko dituzte irailean hasita.

Arana Goikoa auzoaren irisgarritasuna hobetzeko asmoz, hainbat lan egingo ditu udalak datozen hilabeteetan. Hain zuzen ere, erakundeak hainbat proiektu landu ditu, eta horien eta hurrengo pausoen berri emateko auzotarrekin elkartu zen Aitor Bereziartua Hirigintza batzordeburua duela egun batzuk.

Arana eta Arana Goikoa lotzen dituen igogailua martxan da dagoeneko, eta bigarren fasean, Arana Goikoako 17. eta 19. etxe atarien arteko irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo ditu udalak. Art eraikuntza enpresak egingo ditu lanok abuztuaren bukaeran hasita eta hiru hilabeteko epean. Lan horien aurrekontua 130.403 eurokoa da. Gainera, udalak adierazi duenez, Arana Goikoako 11. etxe atariaren irisgarritasuna hobetzeko proiektua gauzatzen ari da, eta hori laster bukatzea aurreikusten du erakundeak.

Bestalde, Arana Goikoako ur hoditeriaren estolderia berritu beharra dagoela ere adierazi du udalak, eta Gipuzkoako Urakekin batera lan horri irailean ekitea aurreikusten du udalak. Horrez gain, auzoko espaloiak ere berritu eta irisgarritasun arauetara egokituko ditu. Obra horiek 445.744 euroko aurrekontua izango dute, eta lan horiek egiteko hiruzpalau hilabete beharko dituzte.