Eman daiteke izena abuztuan Ekoetxean egingo dituzten bi tailerretan

Julene Frantzesena 2022ko abu. 8a, 09:27
Ekoetxea.

Hondarrezko eskultura tailerra eskainiko du Andoni Bastarrikak abuztuaren 21ean, eta txorien inguruko tailerra izango da abuztuaren 28an, Zorione Mendezen eskutik. Bi saioetarako izena eman daiteke dagoeneko 943-81 24 48 telefono zenbakira deituta edo info.azpeitia@ekoetxea.eus helbide elektronikora idatzita.

Ekoetxeak bi tailer edo saio antolatu ditu abuzturako, eta horietan izena emateko epea zabalik da dagoeneko. Aurrenekoa, hondarrezko eskultura egitekoa, abuztuaren 21ean, igandez, izango da Ekoetxean bertan. Andoni Bastarrikak eskainiko du 7 urtetik gorako umeentzako doako saioa, 11:00etatik 13:00etara bitartean, eta han parte hartu nahi dutenek abuztuaren 19ra bitartean eman dezakete izena 943-81 24 48 telefono zenbakira deituta edo info.azpeitia@ekoetxea.eus helbide elektronikora idatzita.

Bigarren saioa, Txoriak txori izenekoa, abuztuaren 28an, igandez, izango da. Hegaztiak eta narrastiak identifikatzen ikasi eta txorien irudiekin osatutako koadernoa sortuko dute saiora joaten diren 8 urtetik gorako umeek. Tailerra Zorione Mendezek eskainiko du, 11:00etatik 13:00etara bitartean, eta doakoa izango da. Izena emateko azken eguna abuztuaren 26a izango da, eta interesa dutenek 943-81 24 48 telefono zenbakira deitu edo info.azpeitia@ekoetxea.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute.