Datorren denboraldirako bazkidetza kanpaina abiatu du Lagun Onak futbol klubak

Ihintza Elustondo 2022ko abu. 5a, 12:01
Lagun Onaken bigarren taldeak Zumaiakoren aurkako neurketan lortu zuen mailaz igotzea. (Arnaitz Rubio Aprea)

2022-2023 denboraldiko bazkideen kanpaina berezia izango da: izan ere, tarifa berezia izango dute Espainiako Hirugarren Mailako taldearen partidez gain Ohorezko Erregional Mailakoarenak ere ikusi nahi dituztenek. Abuztuaren 15era bitartean egin behar dira eskaerak.

Lagun Onak futbol klubaren talde nagusiek hilabete barru hasiko dute 2022-2023 denboraldia, eta klubak dagoeneko martxan jarri du bazkidetza kanpaina. Aurtengo kanpainak berezitasun bat izango du, gainera. Izan ere, gizonezkoen bigarren taldea Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailara igo berri da, eta bazkideek tarifa berezia izango dute Espainiako Hirugarren Mailako taldearen partidez gain Ohorezko Erregional Mailakoarenak ere ikusi nahi badituzte.

Honako hauek dira Hirugarren Mailakoen partidetarako bonua soilik eskuratu nahi dutenentzako prezioak: ehun euro ordaindu beharko dute ohorezko bazkideek, 95 euro partidak tribunan ikusi nahi dituztenek, 85 euro ohiko bonua eskuratu nahi dutenek, eta 55 euro jubilatuek nahiz 16-20 urte arteko gazteek. Astez asteko partidetara joateko sarrerek, berriz, honako prezioak izango dituzte: hamabost euro ordaindu beharko da tribunako sarrera, hamabi euro ohiko sarrera, zazpi euro jubilatuena, eta bost euro 16-20 urte arteko gazteena.

Bestalde, Hirugarren Mailako nahiz Ohorezko Erregional Mailako neurketak, biak, ikusi ahal izateko bonuak honako prezio hauek izango ditu: 115 euro balioko du ohorezko bazkideen bonuak, 110 euro tribunakoenak nahiz ohikoak, eta 70 euro jubilatuenak nahiz 16-20 urte arteko gazteenak. Ohorezko Erregional Mailako taldearen astez asteko partidetarako sarrerek, berriz, prezio hauek izango dituzte: bost euro ordaindu beharko da neurketa tribunan ikusteko, bost euro balioko du ohiko sarrerak nahiz jubilatuenak, eta 16-20 urte arteko gazteek ez dute sarrerarik ordaindu beharko.

Eskaerak abuztuaren 15era arte

Lagun Onak futbol klubak gogorarazi du datorren sasoia berezia izango dela, aspaldi ez delako gizonen bigarren taldea Ohorezko Erregional Mailan aritu, eta hori dela eta, herritarrak animatu ditu bazkide bonu berezia egitera.

Hirugarren Mailako bonu arrunta nahiz bi taldeen bonu berezia egin nahi dutenek abuztuaren 15era bitartean egin beharko dituzte eskaerak. Horretarako, 609 79 45 20 telefonora whatsapp mezua bidali edo info@lagunonak.com helbide elektronikora idatzi behar da.