Azpeitira iritsi da euskal selekzioaren aldeko mendi martxa

Ihintza Elustondo 2022ko abu. 5a, 10:16

Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko asmoz, Euskal Herriko hainbat herri zeharkatzen ari da euskal selekzioaren aldeko hogeigarren mendi martxa. Azpeitira iritsi da gaur, eta oroigarriak trukatu dituzte mendi martxaren sustatzaileek eta Mikel Labaka zinegotziak.

Uztailaren 30az geroztik, Euskal Herriko hainbat herri zeharkatzen ari da euskal selekzioaren aldeko hogeigarren mendi martxa, eta ekintzan parte hartzen ari diren kideak gaur goizean iritsi dira Azpeitira. 09:15 aldean ailegatu dira Azpeitiko plazara, eta Azpeitiko Udaleko zinegotzi Mikel Labakak egin die harrera. Jarraian, oroigarriak trukatu dituzte mendi martxaren sustatzaileek eta Labakak, eta zera nabarmendu du zinegotziak: "Azpeitiko Udala Euskal Herria eraikitzeko ahalegin horretan ari da egunerokoan, eta garrantzitsua da euskal selekzioaren aldeko aldarria lau haizetara zabaltzea, gure nazio identitatea sustatzeko. Uste dut Euskal Herri eta herri bezala ditugun eskubideen aitortza aldarrikatu behar dela. Kasu honetan, euskal selekzioaren aldeko aldarriarekin bat egiten dugu". Ondoren, Sanagustin kulturgunean gosaldu dute parte hartzaileek.

20 urte Mendi Martxan, Gu ere bai! Euskal Selekzioa Ofizialtasuna! lelopean ari dira  egiten aurtengo mendi martxa. Ekintza horren helburua da kirol arlo guztietan Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzea eta nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko duen eskubidea defendatzea.

Martxa hainbat etapatan banatu dute, eta gaur Zestoara joango dira partaideak, Arauntzatik igarota. Abuztuaren 6an, larunbatez, bukatuko dute ibilbidea Getarian (Gipuzkoa), Ajangizetik (Bizkaia) abiatu eta zortzi egunera. Euskal Selekzioaren aldeko lehen mendi martxa 2000. urtean egin zuten Esaiten babespean, baina zazpi urte dira Esait desagertu zela, eta Gu Ere Bai egitasmoa arduratu da azken edizioen antolaketaz.