Beste eredu bat posible delako

Julene Frantzesena 2022ko ira. 3a, 10:04
Azpeitia, airetik ateratako argazkian. (Alex Berasategi)

Udaltzaingo eredua zehazteko eta erakunde horrek eskainiko dituen zerbitzuak finkatzeko lanketa egin dute. Bi dira erronkak: indarkeria matxistari aurre egitea eta kultur aniztasunean eragitea. Horretarako, prebentzioan jarri dute arreta eta fokua. 2022ko abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportajea da hau.

"Zer Udaltzaingo eredu nahi dugu herrian? Zer kudeaketa eredu izango du Udaltzaingoak?". Galdera horiei erantzuteko asmoz, haurnarketa prozesua eta barne lanketa egiten hasi zen joan zen urtean Azpeitiko Udala. Izan ere, Josu Labaka udalaren Zerbitzu Orokorretako batzordeburuak adierazi duenez, "berezitasunak" dituen "udal zerbitzu bat gehiago" da Udaltzaingoa. "Gertukoa eta herritarren zerbitzura egongo den elementu bat gehiago izatea nahi dugu. Horregatik egin dugu lanketa, egiten dugun hori hobetzeko helburuz, zerbitzua etengabe hobetzeko. Nora iritsi nahi dugun zehaztu dugu, eta ideal horretara iristeko urratsak landu ditugu".

Udaltzaingoaren eredu berria ezaugarritu dute hark azaldu duenez: "Udaltzaingo eredua herritarren zerbitzura dagoen elkarbizitza tresna gisa ikusten dugu, prebentzio ikuspegitik abiatuta. Azpeitiko Udaltzaingoa hezitzailea, pedagogikoa eta bitartekaritzarako prestatua da, eta hori ez da ohiko polizia ereduaren definizioa". Udaltzaingoaren norabide berrian prebentzioari eman diote garrantzia, Udaltzaingoak egin behar duen heziketa lanari. "Aldaketaren filosofia nagusia Udaltzaingoak izaera hezitzailea edukitzean datza. Herritarrei laguntzea, arazoak saihestea eta ikuspegi hezitzailetik aritzea dira helburuak".

Lanketa hori egiteko abiapuntua neurgailu batzuen emaitzetan jarri dute. Herrietan zenbat arau hauste penal izaten diren jasotzen dute erakundeek, eta Azpeitiko datua izan dute hasierako puntua. Hain zuzen ere, Azpeitiko arau hausteen 2021eko tasa inguruko herrietakoa, Gipuzkoakoa nahiz EAEkoa baino baxuagoa da –ikusi taula 24. orrialdean–: 1.000 biztanleko 15,27koa da delitu tasa –2020an 14,96 zen zenbateko hori–. "Herriko delinkuentzia tasa oso-oso baxua da, eta horrek esan nahi du Azpeitia ez dela herri gatazkatsua". Horren arrazoiari erreparatu dio Labakak. "Herrian kohesio handia dagoelako izango da hori ziurrenik. Akatsa litzateke delitu gutxi Udaltzaingo ona dugulako izaten direla esatea, baita alderantziz ere: datuak ez dira txarrak polizia txarra delako". Hark dioenez, askotan arau hausteak bazterkeria egoerak edo arazo sozialak daudelako izaten dira; egoera horiek bultzatzen dute pertsona bat arauak haustera. "Ez dugu ezkutatuko Azpeitian arazoak daudela: indarkeria matxista kasuak daude, eta bazterkeria soziala ere bai. Herri bezala arazo estrukturalak ditugu, generoari eta aniztasunari lotuta, eta erronka da horiei aurre egitea. Horregatik jarri behar da prebentzioan arreta".

Haren hitzetan, "balioa" eman behar zaio Azpeitiko egoerari, "Azpeitia kakotx artean herri segurua" delako. "Herritarrak artikulatuta daude beren sareetan, eta sare horiek nahiko trinkoak dira; horrek elkarzaintzan eragina du". Egoera horrek lanketa egiteko "aukera ona" eman diela uste du, eta horregatik egin dute, hain zuzen, Udaltzaingo ereduari buruzko lanketa. "Errealitatea hobetzea da xedea, herritarrei laguntzea, eta udalak herritarrekin eta eragileekin egin behar du lan, egoera hobetzeko". Udaltzaingoaren norabide berrian ezaugarri hainbat zerrendatu dituzte, eta inklusioa, tokikotasuna, aitzindaritza, jasangarritasuna, herri atxikimendua, elkarlana, euskal nortasuna eta parekidetasuna hartu dituzte kontuan, besteren artean.

(Ihintza Elustondo)

Proiektu "garrantzitsuak"

Filosofia zehaztuta, lan ildo eta programa berri batzuk jarri dituzte martxan Udaltzaingoaren lantaldean. Batetik, udaltzainen egitekoen artean da gertakariei erantzuna ematea, "herritarren eskaerei" erantzuna ematea, Anartz Toledo (Oiartzun, Gipuzkoa, 1981) udaltzainburuak dioenez. "Urtea hasi zenetik, 3.000 bat intzidentzia kudeatu ditugu, mota guztietakoak; pilota bat erori zaiola, istripua izan duela, lapurreta egin diotela, giltzak galdu dituela... Lan bolumena handia da, baina kasu horietako asko asistentzialak dira; gure lanaren %80 zerbitzua ematean datza".

Bestetik, baina, orain hilabete batzuk martxan jarri zituzten prebentzio programetan ari dira buru-belarri lanean, halakoak ez diren kasuak behar bezala artatzeko. "Egoera zaurgarrian egon daitezkeen herritarrei zuzendutako zerbitzuak dira, batez ere", azaldu du. Babesa izeneko zerbitzua da horietako bat: "Indarkeria matxista jasan duten emakumeekin, etorkinekin, adingabeekin nahiz egoera zaurgarrian diren pertsonekin egiten dugu lan. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Etxekoen eta Emakumeen Babesa (EBA) proiektuan sartuta gaude", azaldu du udaltzainburuak. Udaltzaingora jotzen duten pertsona horiei "berbiktimizazioa saihesteko estrategiak, aterabide egokien proposamenak-eta" eskaintzen dizkiete, eta konpromisoa, gertutasuna nahiz enpatia agertzea "oso garrantzitsua" delakoan dago.

Zerbitzu berrietako beste bat Bitartekaritza izenekoa da, gatazken konponbide adostuak lortzen laguntzeko martxan jarria. Hala azaldu du Toledok. "Arazo pribatuen aurrean Udaltzaingoak zerbitzu hori eskaintzen du, gaztazkak modu adostuan konpontzeko. Kasuak konfidentzialak dira, eta udaltzainek egiten dute bitartekari lana, arazoa epaitegietara irits ez dadin. Batez ere, bizilagunen arteko arazoak beste era batera kudeatzeko zerbitzua da. Momentu honetan hamalau espediente ditugu zabalik, eta 60 lagun ari dira horietan parte hartzen".

Bi proiektu horiek "oso garrantzitsuak" direla uste dute zinegotziak nahiz udaltzainburuak. "Prebentzioan zenbat eta gehiago inbertitu, gutxiago beharko da erreakziorako. Beti egongo da zerbaiten aurrean erantzun beharra, baina beste herri batzuekin alderatuta, Azpeitia herri oso segurua delakoan nago", azaldu du Toledok. Labakak dioenez, emakumeei nahiz adin txikikoei lotutako arazo asko "dramak" izaten dira, eta horiei lehen arreta emateko sentsibilitatea behar da. "Horregatik egin dira udaltzainak prestatzeko saioak; udaltzaingo gaurkotuaz ari garenean, gertuko Udaltzaingoaz ari gara, kaltetutako pertsonari babesa emango dionaz eta egoerak eskatzen duen moduan lan egingo duenaz".

(Udaltzaingoa)

"Gizarte bezala ditugun arazoak delinkuentzia forman agertzen dira, modu batean edo bestean, eta generoarena elementu argi bat da". Hala dio Labakak. "Gizartean gizonen eta emakumeen artean dagoen desorekak indarkeria matxistaren baitan erakusten du aurpegirik txarrena. Herri bezala dugun egiturazko arazoa da hori". Hark azaldu duenez, Udaltzaingoaren bidez, "egoera larri hori" bizi duten emakumeei babesa agertzen saiatzea da helburua, "lehentasunezkoa" delako. Horrez gain, ordea, desegituratutako familietakoak diren eta egoera larria bizi duten adin txikikoen ondoan egotea ere bada xedea. "Denontzako herriaz ari bagara, behar gehien dutenengandik abiatu behar dugu, eta horiei aterabidea emateko baliabideak jarri behar dira".

Bestalde, Ikuskapena zerbitzua ere martxan dute: bide okupazio eta obra ikuskapena egiten dute udaltzainek.

Bisitak han eta hemen

Azpeitiko Udaltzaingoak urte guztiko egun guztietan 24 orduz ematen du zerbitzua, eta gaur egun, hogei langilek osatzen dute taldea. Labakak azaldu duenez, herritarrekiko 24 orduko konexio iraunkorra duen udaleko zerbitzu bakarra da, eta hark esan duenez, udalak bere garaian hartutako erabaki baten ondorio da hori. "24 orduko zerbitzua ezartzea ez zuen Udal Gobernu honek erabaki. Hala ere, mantendu egiten da, eta hori erabaki politikoa da, inbertsio bat. Izan ere, beste herri askotan ez dago gauetako udaltzain zerbitzurik".

Urteko 365 egunetan egiten duten lanaren oinarria berritu dute jada, eta hainbat lan ildo finkatu eta martxan jarri dituzte. Horretarako, udaltzainak protagonista izan diren prozesu bat gauzatu zuten 2021eko urritik aurtengo martxora bitartean. Udaltzainburuaren arabera, "garrantzitsua" izan da egin duten bidea. "Azpeitiak dituen baldintzak dauzkalako egin ahal izan dugu prozesua". Hark Labakak esandakoa berretsi du, gainera: "Delikuentzia tasa baxua da Azpeitian, herritarren artean kohesio handia dagoelako. Bestalde, herriak geografikoki duen kokapena ere aipatzekoa da".

Gainera, beste herrialde batzuetako udalerri hainbat bisitatu dituzte, udaltzaingoen esperientziak jasotzeko eta horietatik ikasteko. Adibidez, arazoak konpontzeko bitartekaritza zerbitzuari lotuta, Alcobendasen (Madril), Sagunton (Herrialde Katalanak) eta Vila-realen (Herrialde Katalanak) izan dira. Madrilen, berriz, kultur aniztasunari buruzko saioak egin dituzte, eta Vila Joiosan (Herrialde Katalanak) indarkeria matxista digitala jorratu dute. Gainera, Iruñeko nahiz Donostiako udalek indarkeria matxista kasuak nola lantzen eta artatzen dituzten ere gertutik ezagutu ahal izan dute. "Hemendik kanpo errealitate horiek badira eta gaiok lantzen ari dira. Horregatik da garrantzitsua besteek zer egiten duten ikustea. Adibidez, indarkeria matxista digitala gaur-gaurko gaia da, eta guk ere landu egingo dugu, hortxe dagoen afera delako; gazteak eta nerabeak teknologia berrietan daude, eta errealitatea aldatu egin da", azaldu du Toledok.

(Udaltzaingoa)

Osotasunak duen garrantzia

Gaia "osotasunean" hartu behar dela esan du zinegotziak. Izan ere, indarkeria matxista nahiz aniztasuna errealitatea dira Azpeitian ere, eta Toledok azaldu duenez, bi horiexek dira Udaltzaingoaren erronka nagusiak. Udaltzaingoak prebentzio lanak egingo ditu, baina Labakak esan duenez, udaleko gainerako sailen nahiz herriko eragileen norabide berean. "Bidea egin behar dugu herrian ditugun arazo sozialei aurre egiteko, eta prebentzio ikuspegia landu beharra dago herria hobetzeko. Udaltzaingoa herri bezala egiten ari garen bide horren parte bat gehiago da".

Udaltzainburuak dioenez, "trantsizio" egoera bizi dute, egiteko modu berrietara moldatzen ari direlako. "Askotan udaltzainok isunekin lotzen gaituzte herritarrek, baina ulertu behar dute isun horiek arau hausteak dituztela atzean. Kalte bat sor daitekeelako jartzen ditugu isunak. Jakitun gara guk ere dena ez dugula ondo egiten, hanka ere sartzen dugu, eta zilegi da hori onartzea. Errealitatea, ordea, ez da hori bakarrik; Udaltzaingoa egoten da ikastetxeen atarietan haurrei laguntzen, festetan herritarrei babesa ematen, suteetan, istripua izaten duenari laguntzen, hala behar duten emakumeei zaintza eta babesa eskaintzen, hildakoak dauden gertaeretan... baina jendea isunekin akordatzen da".

Dena den, herritarrek Udaltzaingoarekin duten harremana ere aipatu du Toledok. "Azpeitiko parte dira udaltzainak, eta jendea lasai joaten da bulegora; giltzak galdu dituelako –Azpeitian asko galtzen dira [barrez]– edo beste edozer dela eta; hori ez dugu galdu behar". Labakak ere zentzu berean hitz egin du: "Herritarrek eskura dagoen, irisgarria den eta erraz hitz egin daitekeen Udaltzaingo zerbitzua nahi dutela uste dut. Baina Udaltzaingoak autoritatea ere izan behar du; izan ere, isunak bizikidetza kontuak tarteko jartzen dira askotan. Auto bat espaloian aparkatuta baldin badago eta elbarri batek ezin badu handik pasatu, zer?".

Labakaren aburuz, herritar guztientzako zabalik da Udaltzaingoaren zerbitzua, nahiz eta inork beharrik ez izatea litzatekeen onena. "Herritarrek, behar txiki bat edo izugarrizko arazoa dutelako, baina erraz jotzen dute Udaltzaingora, eta hori garrantzitsua da". Toledok ere hala uste du. "Batzuetan asmatuko dugu, eta besteetan ez, baina ahalegindu behar dugu ahal den guztietan asmatzen".