François Espinasse organo jotzailearen musikaz gozatu dute Loiolan

Maialen Etxaniz 2022ko abu. 3a, 21:16

 83. Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, kontzertua eskaini du gaur François Espinasse organo jotzaileak Loiolan. 20:00etan hasi da emanaldia, eta bertaratu direnek Cesar Frank, Gabriel Faure, Valery Aubertin, Marcel Dupre, Luis Vierne eta Charles Tournemire konpositoreen abestiak entzuteko aukera izan dute Espinassen eskutik. 

François Espinasse organo jotzaileak kontzertua eskaini du gaur arratsaldean Loiolako basilikan, eta hainbat izan dira emanaldiaz gozatera bertaratu diren lagunak. 83. Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruko kontzertua izan da gaurkoa.  Espinasse Loiolako organoan aritu da, eta, besteak beste, Cesar Franken 2. korala, Gabriel Faureren 11. Nocturne, Valery Aubertiren 2. sonata, Labyrinthe eta Souterrain, Marcel Dupreren Cortège et litanie Louis Vierneren 4. sinfoniako erromantza eta Charles Tournemireren Paraphrase-Carillon de l'office de l'assomption abestiak eskaini ditu Espinassek.

Atzo hasi zen Donostiako 83. Musika Hamabostaldia, eta abuztuaren 27an amaituko da. 70 kontzertu eta emanalditik gora eskainiko dituzte aurten, eta hamasei Donostiatik kanpo izango dira. Horietako bat izan da François Espinassek Loiolan eskainitakoa. 

Tolosan (Okzitania) jaio zen Espinasse duela 61 urte. Kontserbatorio Nazionalean ikasi zuen musika, eta Xavier Darasseren eskolan organoko lehen saria irabazi zuen 1980. urtean. Hurrengo urtean bere ikasketak perfekzionatu zituen Andrr Isoirekin, eta Tolosako 1986ko nahiz 1988ko Japoniako Tokio-Musashino nazioarteko organo lehiaketak irabazi zituen. Parisko Saint Severin elizako organoaren titularretako bat da, Espinasse baita Lyoneko Musika Kontserbatorio Nazionaleko organo irakaslea nahiz Monumentu Historikoen Goi Batzordeko kidea ere. 2010ean, berriz, Chateau de Versailleseko Chapelle Royaleko organista titular par quartiers izendatu zuten. Hogei herrialde baino gehiagotan eskaini dituzte Espinassek kontzertuak, eta irakasle lanak ere egin ditu beste zenbait lekutan. Horren adibide, sarritan gonbidatu izan dute nazioarteko organo lehiaketetara, Donostiara kasu. Chartreseko Lehiaketako batzorde artistikoko kidea da Espinasse, eta sorkuntza garaikidearen zaleak maiz kolaboratzen du Amy, Farago, Jolas, Hurel eta Foccroulle bezalako konpositoreekin, haien obrak estreinatuz.

(Argazkiak: Urtzi Oteiza)