Zu zeu

Maria Perez: "Handitzen ari da bigarren eskuko arropa erosteko joera"

Julene Frantzesena 2022ko abu. 28a, 09:00
Maria Perez bere postuan, Zumaiako azoka batean. (Utzitakoa)

Aurten hasi da Maria Perez (Azpeitia, 1990) bigarren eskuko eta vintage produktuen azoketan parte hartzen, Holy Mary Vintage izenpean. Azkoitian jarri zuen postua lehen aldiz, eta harrezkero urratu du bidea. Vintage arroparen loraldia Euskal Herrira ere iritsi dela uste du, horrela kontatu du 2022ko abuztuko Uztarria aldizkariko Zu zeu ataleko elkarrizketan.

Zer dela-eta hasi zara azoketan postua jartzen?

Aspalditik dut vintage arroparekiko interesa; telak, patroiak, botoiak, etiketak... Izugarri gustatzen zait garai batekoa den guztia. Badira urte batzuk arropa saltzeko ideiari bueltak ematen hasi nintzela, baina urte hasieran erabaki nuen urratsa egitea. Urtarrilean Top Market azoka antolatu zuten Azpeitian, eta han Onintze Olasagasti (Oninpintage) ezagutzeko aukera izan nuen. Harekin hitz egitea nahikoa izan zen; nahi baldin banuen hurrengo azokara nire arropa eramateko esan zidan, eta halaxe hasi nintzen.

Zer saltzen duzu?

Vintage arropa gehienbat. Horrez gain, poltsak, gerrikoak, belarritakoak, zapatak eta betaurrekoren bat edo beste ere bai. Garai batekoak dira guztiak, banan-banan aukeratuak.

Nondik eskuratzen dituzu produktuak?

Batetik, bidaietan erositako produktuak dauzkat, pixkanaka bildumatutako altxortxoak eta niretzat esanahi berezia dutenak. Azoketarako behar den bolumena lortzeko, baina, partikularrei eta handizkako saltzaileei erosten dizkiet produktuak. Europan egindako arropa erosten dut, Frantziakoa eta Italiakoa gehienbat. Erosten dudan guztia kontu handiarekin aukeratzen dut; denbora asko ematen dut horretan.

Nola prestatzen da azoka bateko postua?

Azoka bakoitzera zer eraman aukeratu behar da lehenik. Bestalde, arropa gordetzeko lekuaren arabera, errazagoa edo zailagoa izango da logistika. Nik ganbaran, kaxetan, gordetzen dut materiala, handik jaitsi eta autora sartzeko. Azokaren bezperan dena prest uztea gustatzen zait; lasaiago egiten dut lo.

Azkoitian estreinatu zinen...

Bai, eta oso egun polita izan zen. Aste neketsua pasatu nuen gauzak prestatzen, baina merezi izan zuen. Familiakoak eta lagunak ere joan ziren, eta babestuta sentitu nintzen. Gainera, jendeari gustatu egin zitzaion eraman nuen arropa, eta ilusio handiz itzuli nintzen etxera.

Harrezkero, non jarri duzu postua?

Zumaiako Uzkudun tabernan eta Portutxiki kantinan nahiz Hondarribiko Katea Festen. Abuztuaren 7an, berriz, Orioko Mola Mola tabernak antolatutako azokan izango naiz, eta irailerako Lasarte-Orian dut beste hitzordu bat.

Modan daude bigarren eskuko eta vintage produktuen azokak. Zer dute berezia?

Ez dakit modan al dauden; hemen inguruan bai agian, baina Europan, hirietan bereziki, betidanik egin dira halako azokak. Giro ederra sortzen da azoketan, estilo guztietako jendea joaten da horietara, eta oso aberatsa da hori. Azokara joan arte ez dakizu zehazki zer aurkituko duzun, eta horrek berezi egiten du azoka bakoitza.

Zer produktuk dute arrakasta handiena?

Era guztietako alkandorak dira saltzen errazenak. Tailarekin asmatzea erraza da, pixka bat handixeagoak izanda ere ondo gelditzen direlako eta modu askotan erabil daitezkeelako. Azokek badute zerbait berezia; uste dut horietan sortzen den giroak erakartzen duela jendea. Saltzaileak aldatu egiten dira azokatik azokara, eta sorpresa faktore ederra da hori.

Bigarren eskuko arropen mugimendu handia al dago Euskal Herrian?

Badira halako dendak, eta egiten dira azokak. Beste zenbait lekurekin alderatuta, gutxi dira agian, baina azken urteetan handitzen ari da bigarren eskuko arropa erosteko joera. Oraindik bada bigarren eskuko produktuei mesfidati begiratzen dion jendea, baina aldi berean, gero eta gehiago dira vintage modak harrapatu dituenak. Jasangarritasunarekiko gero eta kontzientzia handiagoa du jendeak, eta gero eta jende gehiagok estimatzen du arropa mota hori eta horrek ematen dituen aukerak, originaltasuna, esaterako.