Festetan izandako ziztadak salatzeko kontzentrazioa deitu dute Haujijijaik eta Itaiak biharko

Maialen Etxaniz 2022ko abu. 1a, 21:30

19:00etan egingo dute elkarretaratzea plazan, Ziztadarik ez! Erasoen aurrean babesa antolatu lelopean. "Garrantzitsua dela uste dugu egoera larri hau salatzea, erasoen aurrean erantzutea eta antolatzeko beharra azpimarratzea",  adierazi dute Itaiak eta Haujijijaik. Azpeitiko Udalak baieztatu zuen uztailaren 31 goizaldean gutxienez bi ziztada kasu izan zirela herrian. 

Haujijijai festa batzordeak eta Itaiak elkarretaratzea egingo dute bihar, abuztuak 2, 19:00etan, festetan izandako ziztadak salatzeko. Ziztadarik ez! Erasoen aurrean babesa antolatu lelopean egingo dute kontzentrazioa, plazan. 
 
Oraingoz, gutxienez bi ziztada kasu salatu dituzte Azpeitian –uztailaren 31 goizaldean jazotakoak–, eta udalak jakinarazi zuenez, kasu horiez gain beste hiruzpalau ziztada egon ote ziren ere ikertzen ari da Udaltzaingoa. Herrian ez ezik, ordea, nabarmen egin dute gora ziztada kasuen Euskal Herriko hainbat txokotan, eta horiek ere salatu dituzte Itaiak eta Haujijijaik: "Azken asteetan hedapen handia izan dute Euskal Herriko festetan zein bestelako jai giroan emakumeek jasandako ziztada bidezko erasoek. Horren adibide izan dira, Baionan, Gasteizen, Bilbon edo gurean, Azpeitian, salatutako gertakariak. Emakumeok gure egunerokotasunean mota askotako erasoak jasan behar izaten ditugu, baina festa giroan erasoak areagotu eta are gehiago normalizatzen dira. Orain, ziztada bidezko erasoak jasaten ari gara, eta hurrengoak gu izan gaitezkeenaren beldurrez sozializazio espazioetatik urrunduak izaten ari gara".
 
Hori dela eta, Haujijijaik eta Itaiak "babesa antolatzearen garrantzia" jarri nahi izan dute mahai gainean: "Emakume langileok gure segurtasuna bermatzeko eta erasoen aurrean erantzun eraginkorrak gauzatzeko tresna propioak garatzea beharrezkoa da. Horregatik, ezinbestekoa ikusten dugu egoera larri hau salatzea, erasoen aurrean erantzutea eta antolatzeko beharra azpimarratzea"