Zezen txikiak, musika eta dantza, festetako azken arratsalderako

Mailo Oiarzabal 2022ko abu. 1a, 19:39

Azken txanpan sartu dira saninazioak. Arratsalde hondarrekoak eta gau luzea daude oraindik aurretik, baina abuztuaren 1eko arratsaldean ere izan du non aukeratua festarako gogoz zebilenak.

Besteak beste, zezen txikiak zein dantza eta musika ikuskizuna aukeran izan dituzte Alde Zaharrean ibili direnek.

Aurreko bi egunetan bezala, gaur ere jende asko elkartu da Done Jakue kalean Zezen Beltzek prestatutako gunean. Zezen txikiekin aurtengo azken jolasak egin dituzte han gaztetxo askok, ikusle ugariren begiradapean. Jende gutxiago elkartu da Perez Arregi plazan Gora Bihotzak ikuskizunerako, baina dantzan eta kantuan jarri dituzte oholtza gainean zein behean lanean aritu diren artistek, eta gozatua hartu dute ikusle/parte hartzaile gaztetxoenek.

Goizera artekoak

Hau da gaur gauetik bihar goizera bitartean, festen azken orduetan, izango den jai egitaraua:

22:00. J. Martina eta Maixa eta Malakias taldeen kontzertuak, txosnagunean.

22:00-01:00. Oihan Vega DJaren emanaldia, plazan.

22:00. Puro Relajo taldearen emanaldia, Olazko Andre Mariaren plazan.

22:00. Onki-xin taldearen kontzertua, plazan.

23:30. Asian Dub Foundation taldearen kontzertua, plazan.

01:00. Ziakhus & Durum Solo Karne taldearen kontzertua txosnagunean. Ondoren, Maixa eta Malakias.

06:00. Incansables txaranga, kalez kale.

07:00. Gaupaseroen argazkia, plazan.

Ondoren, zumba emanaldia.

07:30. Bigantxak (Marques de Saka ganadutegia), Done Jakue kalean.

08:30. Suziriekin bukatuko dira festak.