Zezenketen aldekoak eta kontrakoak elkartu dira zezen plaza atarian

Anartz Izagirre 2022ko uzt. 30a, 19:00

Zezenketak eta horien aurkako aldarriak izan dira protagonista San Inazio bezperako arratsaldean. Kaleetan zehar kalejira egin dute lehenik Udal Musika Bandak lagunduta, eta zaleak zezen plazara joan dira ondoren. Han zain zituzten zezenketen aurkako manifestariak.

San Inazio bezperak aurrera jarraitzen du, eta bi urteren ostean zezenketak itzuli dira Azpeitira. Azken urteetan bezala, bi aldeak elkartu dira zezen plazaren atarian zezenketa hasi aurretik: zezenketen aldekoak eta aurkakoak. Gaurkoan Sergio Serranok, Alvaro Lorenzok eta Alejandro Marcosek Ana Romero ganadutegiko zezenak toreatuko dituzte, eta zezenketak hasi aurretik hainbat zale zain zituzten toreatzaileek atarian. Kalejira ere egin dute zezen plazara Udal Musika Bandak lagunduta.

Zezen plazaren atarian zeuden, halaber, Oinatz animalista elkarteak deitutako protestara batu diren herritarrak ere, eta "Zezenketarik ez!", "Tortura ez da kultura" eta "Nola dibertitu zaitezkete animalia bat sufritzen ikusita" moduko aldarriak izan dira nagusi manifestarien artean. Beste hainbat elkarte animalistatako kideak ere bertan izan dira.