Donostiako Klasikoak Azpeitia zeharkatu du

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 30a, 13:58

13:30 inguruan iritsi dira gizonezkoen lasterketa Azpeitira, eta handik Urrakiko mendatea (2. mailakoa) igotzera abiatu dira txirrindulariak. Bederatzi gizonek osatutako ihesaldia sortu da, eta haiek izan dira herrira iristen aurrenak.

Gizonezkoen Donostiako Klasikoa lasterketak Azpeitia zeharkatu du gaur, larunbata. Donostiako Alderdi Ederretik abiatu da proba, eta Gipuzkoako hainbat herritatik igaroko da bidean, tartean Azpeitia. Azkarateko mendatea (3. mailako) egin ondoren Azkoitira jaitsi da lasterketa, eta handik iritsi dira txirrindulariak herrira.

Bederatzi gizonek osatu dute ihesaldia probaren hasieran, eta Azpeitira iristen horiek izan dira aurrenak: Theo Delacroix (IWG), Manuele Boaro (AST), Casper Pedersen (DSM), Martijn Tusveld (DSM), Eugenio Sanchez (EKP), Jon Barrenetxea (CJR), Ibai Azurmendi (EUS), Oscar Cabedo (BBH) eta Fabien Grellier (TEN). Tropela, berriz, bi minutu eskasera iritsi da herrira. Herrigunea utzi ondoren, Urrakiko mendatea (2. mailakoa) igo dute txirrindulariek.

Azpeitiko zati guztia GI-2634 errepidetik egin dute txirrindulariek. Hala eta guztiz ere, errepide bazterretan txirrindularitzaren zale ugari elkartu da, eta parte hartzaileek ez dute horien animorik falta izan. Azpeitia, ordea, ez da izan eskualdetik igaro den herri bakarra; izan ere, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia eta Azkoitia ere igaro dituzte txirrindulariek gaur.