Joseba Ezkurdiak ordezkatuko du Jokin Altuna biharko pilota jaialdian

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 30a, 11:42
Joseba Ezkurdia pilotaria. (Aspe)

Atzo, ostirala, Getariako (Gipuzkoa) Sahatsaga pilotalekuan jokatu zuten partida Altuna III.ak eta Imazek, Ezkurdia eta Mariezkurrena II.aren aurka. Amezketako pilotariak min hartu zuen atzoko partidan, eta ez da bihar Azpeitian izango.

Joseba Ezkurdiak jokatuko du Jokin Altunaren ordez San Inazio eguneko pilota jaialdian. Atzo, ostirala, Getariako (Gipuzkoa) Sahatsaga pilotalekuan jokatu zuten Caixabank Masters pilota txapelketako partida Altuna III.ak eta Imazek, Ezkurdia eta Mariezkurrenaren aurka.

Altunak, ordea, kolpea hartu zuen partida amaitu baino lehen, eta ez da bihar Azpeitian jokatzeko moduan izango; Amezketako aurrelariaren ordez Ezkurdia bera arituko da Izarraitz pilotalekuan. Hori horrela, Ezkurdiak Julen Martijarekin osatuko du bikotea, eta Unai Lasok Jon Mariezkurrenarekin.

Partida horren aurretik, baina, bigarren mailako pilotariak arituko dira nor baino nor gehiago. Azpeitiko bi pilotarik jokatuko dute, gainera, orduan, baina biak beren ohiko postutik atzera; izan ere, Julen Egiguren eta Jon Alberdi atzelari lanetan arituko dira, lehena Iker Salaberriarekin, eta bigarrena Iraitz Zubizarretarekin.

22:30ean hasiko da jaialdia Izarraitz pilotalekuan. Pilota jaialdirako sarrerak Interneten eskuratu daitezke aurrez, 20 eta 30 euro artean. Hala eta guztiz ere, partida hasi baino lehen, Izarraitz pilotalekuko leihatila irekita egongo da sarrerak erosi nahi dituztenentzat.