Luis Enrique Soriano oroitu dute ekitaldi baten bidez, haren heriotzaren lehen urtemugan

Anartz Izagirre 2022ko uzt. 30a, 09:35

Elkar-ekin taldeak antolatu zuen saioa, eta musikaz zein poesiaz gain, herritarren esplotazio testigantzak ere irakurri zituzten atzoko saioan. Soreasuko plazatxoan izan zen ekitaldia, eta Sorianoren gertukoak eta lagunak ez ezik, hainbat herritar joan zen saiora.

Gaur, uztailak 30, urtebete pasatu da Luis Enrique Soriano dominikar gazteak bere buruaz beste egin zuenetik, eta atzo, ostirala, haren heriotzaren lehen urtemugako ekitaldia egin zuen Elkar-ekin taldeak Soreasu atzeko plazatxoan. Musika, poesia eta lan esplotazioa jasan duten hainbat herritarren testigantzak izan ziren Soriano oroitzeko ekitaldiaren muina.

Ezbehar haren harira Elkar-ekin taldean gutun bat bidali zuen Uztarria.eus-era, hark bizi zuen egoeraren berri emateko. Honakoa azaldu dute Elkar-ekinekoek: "Gau hartan gertatu zena azaltzeaz gain, gazteak Landetako enpresa batean lanean zeramatzan hiru urteetan jasan zuen esplotazio eta jazarpen egoeraren inguruko azalpenak eman zizkieten senideek Elkar-ekineko kideei: lanaldi amaigabeak, oporrik ez, gaixo lanera joan beharra, gero eta lan zama handiagoak, presioa eta oihuak. Baziren aste batzuk Luis Enriquek bere hurbilekoei honakoa esan ziela: 'Ezin dut gehiago'.

Abesti hunkigarri batekin hasi zuten saioa Soreasun; Mikel Urdangarinen Non geratzen den denbora entzun ahal izan zen agertokian, eta ondoren, hiru herritarrek sei testigantza irakurri zituzten ozen, ikus-entzule guztientzat. Sexualki jazarritako langileen memoriak, kontraturik gabekoenak, legeak agintzen duena baino ordu gehiago sartzen dituztenenak eta gaixorik lan egitera behartutakoenak izan ziren entzungai, besteak beste, ekitaldian.

Ondoren, Victor Jararen Te recuerdo Amanda abestia interpretatu zuten oholtzan, baita Manu Chaoren Clandestino ere. Era berean, Xabi Borda idazleak hainbat olerki irakurri zituen Sorianoren oroimenez. Ekitaldiarekin jarraitzeko, berriz, Sorianoren gertukoa zen herritar batek bere heriotzaren berri izan zueneko unea ekarri zuen gogora. Adierazi zuenez, Azpeititik kanpo bizi zen ezbeharra gertatu zen unean, eta gertatutakoa jakin zuenean hilabete "oso gogorra" pasa zuela aitortu zuen, erlazio estua baitzuen hark Sorianorekin. Hitzartzearen amaieran justizia eskatu zuen hildakoarentzat.

Elkar-ekinekoek, azkenik, eskerrak eman zizkioten Sorianoren familiari gertatutakoa azaltzeko adorea izateagatik, eta Mikel Laboaren Sustraiak han dituenak abestiarekin itxi zuten Sorianoren oroimen ekitaldi gazi-gozoa.

(Argazkiak: Nora Alberdi)