Haurrentzako identifikazio eskumuturrekoak banatuko ditu udalak

Julene Frantzesena 2022ko uzt. 29a, 14:13
Identifikazio eskumuturreko bat.

Haurren bat galtzen bada, herritarrak edo Udaltzaingoa ume horren gurasoekin edo arduradunarekin berehala jar dadin harremanetan banatuko dituzte eskumuturrekoak. Festetan eskuratu ahal izango dira horiek Udaltzaingoaren bulegoan.

Saninazioetan, haurrentzako identifikazio eskumuturrekoak banatuko ditu Azpeitiko Udalak. Haurraren izena eta gurasoena edo arduradunen batena jarri beharko dira eskumuturrekoetan, eta horiek Udaltzaingoaren bulegoan eskuratu ahal izango dira, doan.

Haurren bat galduz gero, herritarrak edo Udaltzaingoa ume horren gurasoekin edo arduradunarekin harremanetan berehala jartzeko asmoz banatuko ditu erakundeak eskumuturrekoak. Gainera, Udaltzaingoaren 092 zenbakia ere zehaztuta izango da horietan.