Mikel Aiestaran: "Jendearen interesa lortzea presio handia da, baina presio polita"

Gipuzkoako Hitza 2022ko uzt. 29a, 11:45
Mikel Aiestaran Azpeitiko plazako kioskoan. (Maria Ortega/Gipuzkoako Hitza)

Ia bi hamarkada daramatza Mikel Aiestaranek munduko lurralde gatazkatsuetan barrena lanean, erredakzioko berotasuna utzita. Jerusalemgo etapa bete du, baina Euskal Herria oraindik ez da haren planetan ageri, bertan "sare" bat daukan arren. Gipuzkoako Hitzan elkarrizketa egin diote Aiestarani.

Ez da erraza Mikel Aiestaran kazetariaren (Beasain, 1975) agendan tarte bat egitea, Euskal Herria zapaldu orduko hegazkinen batean baitago, albisteak daraman lekura bidean. Uztaila, ordea, atseden hilabetea da berriemailearentzat, eta Azpeitian hartzen du deskantsua, bere "B planean". Telebistan ikusita ezagutuko dute askok, Jerusalemgo meskiten zabalgunetik edo Gazako (Palestina) lubakietatik berri ematen. Baina hori baino gehiago da Aiestaran; Aiestaranistan ere deitu izan diote: Ekialde Hurbil osoa goitik behera deskribatu du kaleratutako lau liburuetan eta sortzaile den 5W nazioarteko kazetaritzako aldizkariko kroniketan, besteak beste.

Ekialde Hurbileko lanagatik egin zara famatu, baina kazetaritza lanak Espainian hasi zenituen, Ceutan. Nolatan?

Lehen esperientziak beti izaten dira erabakigarriak arlo denetan, eta lanean, zer esanik ez. Ikasketak Iruñean egin nituen. Gustura hasi nintzen era askotako lanak egiten; karrera egin bitartean, lau urtez egon nintzen lanean Volkswagenen. Toki askotan egin dut lan, eta kazetaritzara heldu nintzenean luxua iruditu zitzaidan, opari bat. Kazetaritzan, cum laude master bat izan zen Ceuta: nire lehen kontaktua islamarekin, muga zail batekin, nire lehen esperientzia erredakzio batean, etxetik kanpo bizitzen han ezagutu nuen Sevillako lagun batekin… Dena zen berria. Eta zergatik ez? Askotan etxe ondoan egin nahi dugu lan, baina niri aukera sortu zitzaidanean ez nuen bitan pentsatu: trena hartu, eta Ceutara. Behin bakarrik bueltatu naiz hara, baina, benetan, oso esperientzia intentsoa izan zen profesionalki eta pertsonalki, toki bitxia delako.

Lehen esperientzia horrek ekarri zizun nazioarteko kazetaritzarekiko interesa?

Batek daki! Ni bidaia mundutik nator: lehengoan etxean aurkitu nuen Tintinen komikien nire bilduma. Orain dela berrogei urte lortu nuen bilduma osatzea. Izan ere, niretzat Tintin erreferente bat izan zen, bidaiari gisa kazetari gisa baino gehiago, nik orduan ez nekien-eta zer zen kazetari bat. Ceuta beste ikasgai bat izan zen, baina hor arraroena da ez zidala Afrikako aterik zabaldu, Marokora joan beharrean Ekialde Hurbilera joan nintzela.

Zergatik Ekialde Hurbila?

Gero hasi nintzelako breaking news-ak egiten, eta korrespontsalak ez zeuden tokiak aukeratu behar nituen. Horregatik, hasieratik Libano, Iran, Afganistan eta horrelakoak hartu nituen, horietan ez zegoelako korrespontsalik eta bazegoelako tokia niretzat. Zaila da tarte bat egitea, eta horregatik aukeratu nuen.

Baina nazioartera salto egin aurretik, tokiko prentsan aritu zinen urte dezentez.

Ceutan ere kazetaritza oso lokala zen, El Diario Vasco-koa bezala. Eta kanpoan egiten dudana ere horrelakoa da: nik ez dut egiten kazetaritza geoestrategikoa edo analisi politikoa; nik oso gertuko kazetaritza egiten dut. Nire eskola izan dira El Faro de Ceuta eta El Correo eta El Diario Vasco. Azpeitian egon ala Kieven, izenak eta tokiak aldatzen dira, baina lan egiteko era, ez.

Hala ere, behar zenuen nazioartera salto hori egitea?

Bai, hori horrela da. Baina, era berean, gure lanean egonkortasuna behar duzu, eta hori niri El Diario Vasco-k eman zidan. Nik hemen plan bat egin nuen, etxe bat familiarentzat, sare bat. Nik argi nuen ez nuela bizi osoa hemen egin nahi, baina behar nuen sare bat. Urte horiek inbertitu nituen sare hori sortzen. Jerusalemen gaude orain; orain Istanbulera mugituko gara, Turkia orain oso garrantzitsua baita Ukrainari begira, eta, nire ustez, Ukrainak datozen urteetan lana emango digu. Baina Azpeitia da gure B plana, eta, hau bada gure B plana, oso bizimodu ona da.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.