Martxan da Lagun Onaken gizonen lehen taldea

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 28a, 12:55
Jokalariak atzo Garmendipen egindako lehen lan saioan. (Lagun Onak)

Ander Avellaneda entrenatzaile tolosarraren aginduetara, atzo, asteazkena, hasi zen gizonen taldea 2022-23 denboraldia prestatzen. Abuztuan zehar lagunartekoak jokatuko ditu taldeak, iraileko bigarren asteburuan ligari behar bezala ekiteko.

Lagun Onak futbol taldearen gizonen lehen taldeak atzo ekin zion denboraldiaurreari. Ander Avellaneda entrenatzaile tolosarraren aginduetara, Garmendipe futbol zelaian osatu zuten sasoiko lehen lan saioa lehen taldeko eta harrobiko zenbait jokalarik.

Abuztuan zehar, hainbat lagunarteko jokatuko ditu taldeak, irailaren bigarren asteburuan ligari behar bezala ekiteko. Hain zuzen, zazpi lagunarteko jokatuko dituzte azpeitiarrek. Abuztuaren 10ean, Eibar Urko taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak; abuztuaren 13an, Pasaiaren aurka; abuztuaren 20an, Vitoriaren aurka; abuztuaren 24an, Hernaniren aurka; abuztuaren 27an hiruko txapelketa bat; abuztuaren 31n, Anaitasunaren aurka; eta irailaren 3an, Aurrera Vitoriaren aurka.

Iaztik hamalau berritu dute taldearekin zuten lotura –Iker Bastida, Egoitz Iraola, Ivan Castillo, Aitor Diez, Josu Ibarbia, Sergio Barquero, Xabier Gereta, Gorka Amutxastegi, Iker Olaizola, Ander Zubillaga, Jagoba Erdozia, Pablo del Pozo, Jon Aranda eta Manex Iradi–. Iker Hidalgo atezainak, berriz, lehen taldean jokatuko du datorren urtetik aurrera. Dena den, klubak bi fitxaketaren berri ere eman du: batetik, Ander Bengoetxea aurrelari tolosarra fitxatu du taldeak, eta bestetik, Iñigo Sukia atzelari lazkaotarra.