50 urte bete ditu Izarraitz pilotalekuak

Mailo Oiarzabal 2022ko uzt. 26a, 19:57
Izarraitz pilotalekua.

1972ko Santio egunez inauguratu zuten. Nicolas Zubeldiak eraiki zuen erremintarako frontoia, lehengo Vista Alegre pilotalekuaren tokia hartu zuena.

Izarraitz pilotalekuak mende erdia bete zuen atzo. 1972ko uztailaren 25ean, Santio egunez, inauguratu zuten lehengo Goiko kalean lehengo Vista Alegre frontoi zaharraren tokia hartu zuena. Erremintarako pilotalekua eraiki zuen han Nicolas Zubeldiak, baina eskuzko partidak ere jokatzen ziren bertan, hasieratik. Inauguratu ondorengo urteetan punta-puntako pilotariak aritu ziren Izarraitzen, erreminta modalitateetakoak ez ezik, baita esku pilotakoak ere; besteak beste, Atano II.a eta Gallastegi aritutakoak dira Izarraitzen, Juan Pedro Azkarate kantxeroak 2000ko apirileko Uztarria aldizkarian kontatu zuenez (hemen, PDFan).

1970eko hamarkadako aparraldiaren ondotik, 1980koan hasi zen Izarraitzen gainbehera. Puntako pilota zirkuitutik aldenduta, Iraurgi Saskibaloiaren partidak eta herriko erremonte eskola hartu zituen gerora, besteak beste. 1990eko hamarkadan, berriz, udalak erosi zion frontoia Zubeldia sendiari. Eraberrituta, 1999ko saninazioetan hartu zuen Izarraitzek bigarren aldiko lehen puntako pilota jaialdia. 2018an, beste berritu bat eman zion udalak pilotalekuari.