Maykel del Cid zenaren omenezko auto klasikoen XIX. Azpeitia Hiria Rallya egiten ari dira

Kris Fernandez 2022ko uzt. 23a, 11:30

106 autok parte hartu dute Lagun Artea eskuderiak antolatutako lasterketan. Egiaztapenak 09:00etan hasi dituzte epaitegi aurrean, eta 11:00etan hasi da lasterketa.

Azpeitia Hiria Rallyaren XIX. edizioa ari dira egiten gaur, Maykel del Cid zenaren omenez. 09:00etan hasi dituzte autoen egiaztapenak epaitegiaren ondoko plazan, eta 11:00etan atera da rallyko lehen parte hartzailea. Guztira, 106 autok eman dute izena, eta horiek 230 kilometroko ibilbidea gauzatu beharko dute 25 urtetik gorako autoetan.

Ibilbideko lehen zatia Azkaraten egingo dute, eta handik Bergarara joango dira, Elosuako zatia egin ahal izateko. Urrakira joango dira handik, eta segidan, Ñañarriko zatiari ekin aurretik, atsedena hartu ahal izango dute gidariek nahiz kopilotuek Alegian. Gabirian bazkalduko dute parte hartzaileek, eta arratsaldean ekingo diote berriro ibilbideari: besteak beste, Altzon, Gaintzan, Pagoetan, Zarautz, Aizarna eta Azpeitian barrena ibiliko dira autoak.

Sari banaketa ekitaldia 20:30 inguruan egingo dute epaitegi aurreko plazan, bertan banatuko dituzte irabazleentzat txapelak zein garaikurrak.